"Scènes"

"Scènes" irudi multzo bat da eta oraino garatuko den obra bat bezala aurkeztua izanen zaizue. Artistak eraiki nahi duen egitura baten piezen disposizio partziala da, non ere sorkuntza bakoitzak bestearekin duen lotura norberak asmatuko baitu.

Nader Koochaki et Bertrand Dezoteux
Nader Koochaki et Bertrand Dezoteux
Ondoko egunetan oraino osatua izanen den erakusketa honetan, mugimenduan den lengoaia batean mintzatzen zaizue Nader Koochaki. Obra bateratu batzu baino, adiera formula bat proposatzen dizue. Berak hautatu objektu batetarik abiatu eta, Scènes erakusketak metodologia bat alhan ezartzen du. Espazioaren eraldaketa bat begibistan ezarria da elementuen birkokapen soil baten ondorioz. Argazkigintzako momentu batetarik bideora pasatzerakoan, denboraren dilatazio entsegu bat agertzen da. Horrela, argazkia bazterrera utzi eta, ikuslea bideo instalazioa bilakatu den erakusketa baten aurrez aurre izanen da. Scènes kultura errepresentazioen dislokazioaz baliatu da, eta batzuetan berak ere lokadura horiek kitzikatu ditu. Fragmentu horien lehen erakusketa-instalazio hau proba bat bezala ikusi behar da.

Denboraren haritik

Nader Koochaki Etxeberria-ren elkarrizketatzera joan zen Xan Aire, Irulegira (Baxenabarre), "Scènes" egitasmoko zati baten filmatzen ari zelarik gauaz, hil-herri zahar batean. Bere artikuluan edertasuna baino, sakontasuna jorratzea duela xedetzat hartua artista gazteak adierazten digu kazetariak. Ez da berandu, baina iluna hala ere. Irulegiko herria neguko ordutegian lokartu da. Gaturik ez. Tenore honetan, gaurko zibilizazioak ez du deus egitekorik kanpoan, oraindik bere autoan ez badabil. Badirudi jendakiak argia asmatu zuela naturari itzala egiteko. Hil-herri zaharrean, ordea, hiru pertsonaia bitxi lanean ari dira, isilik. Argia kopetatik jalgitzen zaie biei, azkenak ahoa du dirdiran. Horien artean dago Nader Koochaki Etxeberria artista gaztea. Badute egitekorik, burdinazko barren muntatzen ari da bat, kutxa pizuak furgoitik deskargatzen bertzeak. Neska lagun bat iritsi berri da esku kolpe baten emateko. Heriotzaren erresuman, dena da ilun, desolazio. Biziaren oroitarriak zut, aro ezberdinetakoak, borobilak, gurutzeak, euskaraz, eta frantsesez. Bi gurutze berdintsu daude auzokide, landaturik, zuriak. Bi deiturak berdinak dira. Senar-emazte batzuen azken desioa izan liteke betiko elkarren ondoan pausaturik egotea, tindatutako bihotz eta malkoek sala dezaketenez. Horietatik hurbil, gurutze bat paretaren kontra etzanik dago, denborak pausatzeko baimena eman balio bezala.

Argi laranja batek gaua urratu du. Mutiko gazte bat jaitsi da traktoretik. Ez du lau pertsonaien lengoaia berdina, baina elkarrekin lanean aritu beharko dute. Gaztea ez da gogotik jin horraino, bere hasperenek salatzen dutenez. Lankide bat etorri zaio, eta biak hizketan hasi dira, beren kezkak adieraziz. Horiek ekarri generadorea martxan eman dute artistek. Argiek dardarka dirdiratu dute... itzali aitzin. Generadoreak ez du indarrik aski eskaintzen. Gainera, zerua euria luzatzen hasi berri da. Nader Koochaki Etxeberriari begirada zorroztu zaio. Zainek gaina hartu gabe, zuzendari gazteak autoko faroekin antolatu du argia, eta kamerari aterkia aurkitu. Oren bat emana zuten argi eta oihal beltz koadroa muntatzen. Desegin beharko da. Ofiziale gaztea traktorera igan da. Malguago da jada, artistak galdegindakoa ederki bete du. Paretaren kontra etzanik zegoen gurutzea bere makinarekin altxatu du, eta hor, erdian, zintzilik utzi, buruz beheiti. Naderrek isiltasuna galdegin du. Gurutzeari bultzada bat eman, eta filmatzen hasi. Arraroa, harria mugimenduan. Haize hegoak zenbat gauza xuxurlatzen duen. Hosto hilen ihesaldiak, lertsunen larritasun oihuak, autoen bidaia mekanikoak... Gauaren isiltasunak estali arte. Subjektu eta objektu horiek denak bere obraren agente bihurtu ditu artista gipuzkoarrak. Hori da bere etengabeko erronka. Kulturaren eta artearen kontzeptu zehatza du Nader Koochaki Etxeberriak. Bide-gurutzeak dira. Korapilo potolo bat : bakoitzak bere haria, eta bere haritik, tiratzen du. Traktoretik jaitsia den mutiko gaztea argazki ateratzen hasi da, bere arrazionaltasunak baimendurik, begia dirdiran. Artearen magia. Bertze pusako bat gurutzeari. Joan-jin lasaian hasi da berriz, amatxiren etxeko erloju zaharraren gisan, atxikitzen duen soka karrankaraziz. Denboraren, edo astiaren heriotza bailitzan, XXI. Mendeko gaitz hura. Naderrek denboraren haria tiratuz topatu du leku hau. Ezker eta eskuin ibiliz, jendea ezagutuz bezala. Donostiatik Aldudera, Aldudetik Irulegira. Gaurkoari Eszenak izena eman dio. Eszena bakoitzak bere istorioa. Etengabeko berrasmatzea, moldatzea, osaketa. Kulturaren gisan, euskal kulturaren gisan : mugimenduan du bizitzekoa harrapatzen. Bideo erretratuak eta argazki erretratuak egitasmoa ez da proiektua Nader Koochaki Etxeberriaren ahoan, baizik eta zirriborro handia. Argazkia alde batera utzi du, bideoari bidea zabaltzeko. Baina hori ere argazkiaren hizkuntza eta kodigoekin mintzaraziko du. Interpretazioa, bakoitzak berea ukanen du, edo denek elkarrekin eginen dute, zergatik ez. Honek ez du burutzerik. Argiak itzali dira. Artista misteriotsuak hor dauka bere ekaia. Obra hori, erakusketak berak oraindik barnago eramanen du, publikoaren pentsaketak zulaturik eta moldaturik. Ez dabil ikuslearen plazeraren bila, ez du ederra zilarrezko plat batean eskaini nahi. Hogei’ta epaimahaikideak ez ditu horrela seduzitu. Ikusleriaren sakontasuna kilikatu nahi du, ea zer sortzen den hortik. Eta haize hegoak xuxurlatuko dio zerbait Nader Koochaki Etxeberriari. Edo hostoek. Edo lertsunek. Edo ofiziale gazteak. Honek ez du amaitzerik. Sorkuntzaren emaitzak zer sortuko duen zain. Denboraren haritik. Bertze bultzada bat gurutzeari...

Gehiago jakin

Biografia Nader Koochaki Etxeberria Donostian sortu da 1983an. Soziologian lizentziatua, formatu akademikoetatik aldendu eta bestelako adiera formulen bila, artearen eremuan lanean hastea erabaki du. Argazkia eta bideoa lantzen ditu orain, idazketa ere. Kultur agentziazioak burutzen ditu entseguaren nozioa bere lan eta metodoetara aplikatuz. Ehizalerroak sorkuntza eramaten du Ingrid Buchwaldekin batera Eremuak deialdian hautatua izan eta (2010-2011); Goiart Arte Plastikoen V. Lehiaketa Goierriko artistari saria lortu du ere bai (2010). Astigarretan bizi da egun.

Nader Koochaki: “Argazkia bidegurutzea izatea nahiko nuke”

2011ko ekainean Xan Airek Nader Koochakiri egin zion elkarrizketa bat. Nader Koochaki Etxeberria (1983, Donostia) Hogei’ta proiektu deialdiko hautagaiak, bere ibilbidea eta proiektua aurkezten ditu hemen, bai eta Iparraldeaz duen irudia agertzen ere. Irakur elkarrizketa