Euskal kultura Iparraldean 2009. urtean
Pantxoa ETCHEGOIN-ren analisia
- 2009ko abenduan JAKIN aldizkarian agertu artikulua
http://www.jakingunea.com/
2009: Atzokoak gaurkoa hazten du...
Ez da errexa urte batetako harat-hunaten aipatzea euskal kultura mailan. Ez dezazket iparraldean iragan gertakari guziak zerrenda, oro har urte aberatsa izan baita, nola sorkuntzarentzat, hala hedapenarentzat. Halere, saiatuko naiz zenbait ekintzaren berri emaitera.
Hautu horien artean, lehenik erakutsi nahi nuke zer nolako egitasmo ederrak eraman litezkeen iparraldeko eta hegoaldeko artistekin elkarlanean, Hil harritik harri bizira sorkuntza eredutzat hartuz. Gero, dantza, musika eta kantuaren alorrak jorratuko ditut, eta azkenik, ahozko bilketa aztertu ondoan, euskal kulturaren zerbitzuko ezarri ditugun hiru tresna berri ezagutaraziko dizkizuet.
Mugaz gaindiko kultura harremanak indartzen ari ditu Euskal kultur erakundeak. 2009an, hainbat ekimen alhan ezarriak izan dira, hala nola Azpeitian, euskal antzerki topaketetan, Donostiako Koldo Michelena zentroan, Andoainen, eta nolaz ez, Durangoko liburu eta diska azokan. Halaber, joanago eta gehiago, hegoaldeko artistek parte hartzen dute iparraldeko kultura egitasmoetan. Adibidetzat, nahi nuke aipatu udaberrian iragan den egonaldi berezia, Larzabaleko herrian, Baxe Nabarren.
Hil harritik harri bizira
Euskal kultur erakundeak galdeginik, Oreka Tx taldeak sorkuntza bat apailatu du, harria hartuz oinarri gisa. Larzabalen egitea ez da kasualitate hutsa izan, hor baita duela guti idekia, harri borobilen interpretazio zentroa, urte guzian bisitatzen ahal dena.
Biziki laster, gaiak Oreka Tx taldearen gana eraman gaitu, eta hortik sortu da artista egonaldi baten antolatzeko ideia, harria molde ezberdinez biziarazteko asmoarekin.
Ikusgarriari datxikola, proiektuaren beste atala eskola, ikastola eta kolegioko ikasleen parte hartzea izan da : orotara berrehun bat ikasle, Manex Erdozainzi Etxart kolegiotik, Oztibarreko ikastolatik eta herriko eskolatik. Harriaren biziarazteko, gazte eta haurrek ekarri harri bana arramoldatu dute, margotuz, idatziz edota gauzak itsasiz.
Larzabaleko emanaldian agertu diren artistak mugaz bi aldeetakoak ziren, eta hori oso aberatsa izan da. Hauen artean, Xumai Murua bertsolaria, Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez txalapartariak, Piarres Erdozaintzi zizelkaria, Maialen Errotabehere kantaria, Vanesa et Nerea Kukai taldeko dantzariak, Janire Pandelo harri-zilatzailea.
Bi dantza sorkuntza
Ipar Euskal Herrian, dantza taldeek, orokorki, zailtasunak ezagutzen badituzte ere, urtez urte beti zerbait berri eskaintzen digute, eta hemen, bi sorkuntza aipatuko dizkizuet, besteak beste, Euskal kultur erakundeak sostengatu dituenak. Lehena, « Aurrez aurre ». Aspaldiko urteetan, Claude Iruretagoiena, euskal dantza munduko maisu bat dugu, hau baino lehenago Filipe Oihanburu eta Koldo Zabala izan diren bezala. Luzaz haurrekin lan egin du eta oraindik ere gogoan ditugu haren bi obra « Ixtorio mixterio » eta « Xirula Mirula ». Aldi honetan, helduek dute dantzatzen eta azpimarratu behar dugu bi talde elkartu direla ikusgarri berriaren apailatzeko : iparraldeko Maritzuli eta Bizkaiko Meatzalde konpainiak.
Claude Iruretagoiena koreografoari asko gustatzen zaizkio Euskal Herriko ohituretan aurkitzen diren binakako apustuak, hala nola bi bertsolari ari direnean bakoitzak bere arrazoia defenditzen, edo bi pelotari, bakoitzak bere trebezia erakusten, eta dantzak ere, lehiatzeko parada ematen die dantzariei.
Sorkuntza honek belaunaldi ezberdinetako dantzariak eta gure ihauterietan oinarritu dantza mota frango erakusten dizkigu, ondoriotasun bizi baten lekuko. Jantziak ere, ezinago apainak dira, liluragarriak. « Aurrez aurre » ikusgarrian, orotara 45 dantzari dira eta estrenaldia Donibane Lohizunen egin zuten, 2009ko martxoan. Zuzendari lanetan laguntzeko, Claude Iruretagoienak bere semea hartu du, Jon, gainera biziki dantzari ona dena.
Bigarrena, « Urraska ». 2009ko urtarrilean Baionako antzokian estreinatu ikusgarri honek 1910 eta 1960 urteen arteko hego Euskal Herriko familia baten zorionak eta zorigaitzak agertzen dizkigu, bost agerralditan. Historiaren asmatzailea Benoît Lamerain getariar gaztea da eta testuaren idazlea Koldo Amestoy, koreografoa aldiz Pascale Lascano-Etchave anderea. Dantza guztiek antolaketa eta aurkezpen berri batean oinarrituz, munduko folklore desberdinak lekuan lekukoarekin partekatzen dituzte, ahalaz euskal musikaren izpiritua errespetatuz. Zarena zarelako taldeak apailatu duen lehen ikusgarri honetan, 20 dantzari badira (10 neska eta 10 mutil) baita 9 musikari, taula gainean zuzenean ari direnak. Bildu duten arrakasta ederrak bultzaturik, Pascale Lascano koreografoa, berehala beste ikusgarri baten prestatzen hasi da eta datorren udaberrian ikusi behar genuke. Izenburutzat « Goazen » ukanen du. Bai, goazen beti aitzina, dantza pikoak berritzen, sorkuntzari « ongi etorri » egiten !
Dantzatik pasa gaitezen orain musikara, eta hobeki erran, Baigorriko organoaren inguruan egin sorkuntza amankomunera.
« Alpbarock Euskal Herrian »
2009ko irailan, Suitzako Alpbarock taldea (hau Yves Rechsteiner-ek sortu taldea dugu) Baigorriko elizan zuzenean aritu da lau musikari euskaldunen laguntzarekin. Topaketa berezi bat, Rémy Mahler organoaren 10garren urtebetetzea kari antolatua izan dena.
Badu orain hamazazpi urte Orgue en Baigorri elkarteak musikaren alde lan egiten duela Baxe Nabarren. 1999ko abenduan estreinaldi festibala ospatu zuenetik, elkartea etengabe aritu da musikaren eta bereziki organoaren maitasuna goraipatzen.
Hamargarren urtebetetze honen karietara, Suitza aldeko talde hori gomitatua izan da, lagunarteko topaketa artistiko bereziaren antolatzeko Euskal Herriko ohiko musika jotzen duten euskal artista batzuekin.
Horrela, bi musika tradizio (ahozkoa eta idatzia), bi kultura (suitzarra eta euskalduna), musika ikusteko bi ikuspegi, gurutzatu dira, ikusgarri berria sortzerakoan. Emaitza arras joria izan da.
Alpbarock taldea osatzen zutenak ziren : Yves Rechsteiner (organoa), Nikita Pfister (Hackbrett, tinpanoia), Nicolas Sansarlat (biolina), eta Guillaume Olry (kantua).
Euskal Herritik, lau artistek parte hartu dute : Maddi Oihenart, Thierry Biscary, Karlos Subijana, eta Paxkal Indo kantari eta musikariek.
Hiru kontzertu eskaini dituzte Baigorriko elizan, eta antolatzaileen xedea da hedapen haundiago baten egitea, helduden urtetik goiti, Euskal Herrian, eta Euskal Herritik kanpo.
Jean Errecart ohoretan : « ze bolada ! »
Jean Errecart (Oragarre 1909an - Parise 1971), Amikuzeko politikaria zen (auzapeza, kontseilari orokorra, deputatua eta senatorea). Bere garaian, gizon garrantzitsua izan zen, ipar Euskal Herriko laborantzaren berritzen lagundu baitzuen.
Bere bizi guzian, laborarien formakuntzen eta etxaldeen mekanisazioaren alde borrokatu zen, bai eta etxetiarren eskubideen alde. Bera izan da Lur Berri kooperatibaren sortzailea, bai eta ere Donapaleuko formakuntza eskolarena, gaur egun « Institut Jean Errecart » deitzen dena.
Pier-Pol Berzaitz kantariak zuzendu "Ze bolada! Jean Errecarten so begiz" ikusgarriak erakusten du Jean Errecart nola bizi izan den urte haietan, eta zer eragin ukan duen bizi publikoan.
Bi oren baino gehiago irauten duen ikusgarri honetan, hogeita hamar bat artista eta aktore badira, horien artean, Karlos Gimenez piano-joilea eta haren orkestra, "Aukeran" konpainiako dantzariak eta Edu Muruamendiaraz koreografoa, eta Allande Boutin kazetaria, ikusgarrian ikusten ahalko den bideo-dokumentalaren egilea.
Alabainan, horrelako oroimenak gaurkoratzeko, memorio kolektiboa baitezpadakoa dugu. Ondorioz, Euskal kultur erakundeak alor berezi horretan lan egiten du aspaldian, eta berezikiago, bizpahiru urte hauetan.
Eleketa programa : ahozko ondarearen bilketa iparraldean
Ondarea, jendarte baten nortasuna osatzen eta jendarte hori besteetatik bereizten duten osagai material eta inmaterial guziez osatua da. Eleketa programa, ahozko ondarean oinarritzen da (bizipenen eta jakitateen kontaketak, kantuak eta elezaharrak...) : hunen biltzea, artxibatzea eta hedatzea du helburu. Lekukotasunak euskaraz bilduak dira.
Hastapenetik, 2007ko urtean hain zuzen, Euskal kultur erakundeak bilketa eta artxibatze metolodologia zehatz bat alhan ezarri zuen. Metodologia honen lehen urratsa izan zen aholku batzorde baten sortzea, tokian tokiko lekukoen eta gai garrantzitsuen identifikatzeko.
Lekukotasunak numerizatuak, sekuentziatan zatituak eta tratatuak dira Baionako Artxibategian (besteak beste) entzuteko eta ikusteko gisan. Altxor horiek eskoletako haurrei eta publiko zabalari ezagutarazteko, hainbat ekintza eramaten ditu Euskal kultur erakundeak. Halaber, hedapena eta balorapena garrantzitsutzat dauzkagu, bereziki hurbileko hedapena. Nahi dugu jendeek entzun eta ikus ditzaten lekukotasun horiek, tokian berean, bizikidetasunean.
Horretarako, Amikuze aldean egin hogeita hamar bat lekukotasun sartu ditugu, Eleketa deitu erakusketa interaktiboan, hauek entzungai direlarik Donapaleuko mediatekan, 2010eko urtarrilaren 16a arte.
Lekukoek Amikuzeko gai bereziak aipatzen dituzte (etxetiargoa, feriak eta merkatuak, zaldi lasterketak, zuraren lana, formakuntza eta laborantzako garapena) beste gai orokorren artean (Elizaren urratsak, jakinduriak, ofizioak). Halaber, internet gunean ikusten ahalko dira, www.eleketa.com sarean.
Teknologia berriak solasgai baititugu, urhendu nahi nuke ene ekarpena, aipatuz hain zuzen Euskal Kultur erakundeak aurten eraman duen lan haundia, nola euskal artisten ezagutarazteko, hala ikusgarri gela eta sorkuntzen sarean ezartzeko.
Hiru tresna berri internet sarean
Informazio bilketa handi bat eraman ondoan 2009ko udaberritik gaur arte, Ipar Euskal Herriko euskal sorkuntza artistikoaren eragileak, ekoizpenak eta tokiak hobeki ezagutzeko internet zerbitzu berriak proposatzen ditu Euskal kultur erakundeak.
Iparraldeko euskal kultura eragileei, ekoizpenei eta sorkuntza gunei buruzko argibideak hedatzeko, Euskal kultur erakundeak erreferentziazko hiru tresna ezarri ditu sarean www.eke.org web atarian :
- Euskal kulturan ari diren artisten datu-base bat (kultura elkarteak, erakasleak, hedatzaileak, teknikariak...) ;
- Euskal kultur erakundeak lagundu sorkuntza artistikoak, 2009tik goiti hedatzeko prest direnak ;
- Iparraldeko ikusgarri-gelak, hornituak direnak sorkuntza artistikoentzat, baina ere ikusgarrietaz bestalde, beste ekitaldi mota batzu hartzen ahal dituztenak (dantzaldiak, bestak, mintzaldiak...).
Orain arte, 500 artista eta kultura eragile fitxa sailkatuak dira, halaber dozena bat sorkuntza eta hogeita hamar bat ikusgarri-gela.
Erran gabe doa ekimen hau hastapen bat baizik ez dela, horrelako sareak egunero arraberritu behar baitira. Euskal kultur erakundeak jarraipen lan hori segituko du, eta aberastuko ondoko hilabeteetan, euskal kulturaren baliabide-zentro emankorra izan nahi baitu.
Ez da nahikundea bezalakorik gure hitzak obra bilakarazteko !