Euskal kultura Iparraldean 2005. urtean

Pantxoa ETCHEGOIN-ren analisia

2005 : Sormenaren urtea iparraldean

Euskal nortasuna hizkuntzan oinarritua da, baitezpada euskarak baitu egunero gure kontzientzia hazten eta kultura barnetik biziarazten.

Euskal kultur erakundeak hizkuntzaren aldeko ekintza andana bat bultzatu du azken urte hauetan, hala nola itzulpengintzan, edo leku publiko batzuetan (Baionako ospitalean, BAB2 komertzio zentroan, liburutegi-mediateketan,...).
Bainan hori egin du, oroz gainetik ez zegoelako bertze antolamendu publikorik horren bultzatzeko, eta argi da egitura gabezia handi baten ondorioa zela.
2005 urtea garrantzitsua izan da, Euskararen Erakunde Publikoa (E.E.P.) sortua izan baita, hizkuntza politikaren bidean ezartzeko, nola erakaskuntzan, hala euskararen erabilpenean zerbitzu publikoetan. Ondorioz, hemendik goiti, gure eginkizuna gehiago zuzendua izanen zaie euskal kulturgintzaren sail desberdinei.

Martxoan Donapaleun egin zen gure Biltzar Nagusian, hitzarmen bat izenpetua izan da, bi erakundeen eginbeharrak ongi finkatzeko, eta elkarlanak ere asmatzeko, egitasmoak eramaterakoan, loturak eginez hizkuntzaren eta kulturaren artean.
Eiki, euskalgintza ez da bakarrik kulturan mugatzen. Bainan egitura aldetik, biak bereiztea begi onez ikus baitaiteke ere, eguneroko errealitateak erakustera emaiten du biak osagai direla, gorputza eta bihotza diren bezala. Adibide bezala, Baionako ospitalearekin hitzarmen bat badaukagu, euskara begibistan ezartzeko iragarkietan, mediku zerbitzuetan, bainan horri datxikola, zuzendaritzak euskal kulturan oinarrituak diren ekintzak ere nahi ditu, hala nola pediatrian, zahar etxeetan. Eta kasu horretan, euskal kultura ekintzak hizkuntzaren aldeko xedeen lagungarri dira.

Egoera hau kondutan hartuz, Euskal kultur erakundeak euskal kulturaren biziarazteko ekintzak alhan ezarriko ditu, bertzeak bertze espazio berrietan eta publiko zabal bati eskainiak izanen dira, BatekMila programa zabalaren helburu nagusiak obratuz ahal den neurrian.

Atzokoa biharkoan...

Urte nahiko aberatsa izan da sorkuntza mailan, oroz gainetik euskal antzerkiarentzat.
Lehenik, aipatu nahi nuke Beltzeria antzerkia, Antton Luku-k idatzi eta Hiru Punttu konpainiak eskaini duena hamalau aldiz (hameka iparraldean eta hiru hegoaldean).
Antzezlan hau Tobera trilogiaren bigarren zatia zen, eta publiko kopuru mugatu baten aitzinean emateko asmatua izan zen, espazio goxo eta bero batean, kabarete modura.
Antzerki politikoa da, zentzu idekian eta euskara (eta haren etorkizuna) da obra honen bihotza. Bainan azpimarra nezake ere arte desberdinen topaketa obra honetan, bereziki kantuak eta bertsuak kurutzatzen baitira antzerki jokoarekin batera. Publikoaren erdian, obra sakona eskaini digute antzerkilariek !

Baliatzen naiz pasarte honetaz goresteko Antton Lukuk eramaten duen lan handia euskal antzerki munduan. Idazle joria izateaz gain, beti gogoan dauka antzerkirako tirriaren helaraztea gazteei. Badu urte andana bat Donibane Garaziko lizeoan, euskal antzerki batzu apailatzen dituela, aurten egin duen bezala Tentazioak eta Eroak antzezlanekin. Ekimen ederra da, gazteek euskara bizi dezaten adierazpen artistikoen bitartez, eta haien baitan, ikusgarrietara joaiteko nahikundea sor dadin.

Beste ikusgarri batek ukan du aipamen udazkenean :  Kaukasiar kreazko borobila ekoiztu dute euskaraz, Biarritzeko Théâtre des Chimères antzerki taldeak, zuzendaria Jean-Marie Broucaret zutelarik.
Bertolt Brecht-en  « Le cercle de craie caucasien » antzezlan hau nortasunari eta lurraren atxikimenduari buruzko gogoeta bat da.
Lurra norena da ? Ohidurak zaintzen dituen jabearena ala aurrerapena ekarriz lurrari fruituak emanarazi nahi dionarena ? "Le cercle de craie caucasien" euskaratuz, Itxaro Bordaren itzulpenarekin, Brecht-en obraren gaiak beste dimentsio bat hartzen du.
Euskal Herriko, Espainiako, Afrikako eta Kubako hogeita bat antzerkilarik eta musikarik parte hartzen dute abentura eder horretan. Kultura nahasketa honek oraino indar gehiago ematen dio ikusgarriaren problematikari. Halaber, euskaldunak ez diren jokolari gehienek euskarazko testua ikasi behar ukan dute, eta hori bera miragarria da.

Azkenik, Euskal kultur erakundeak bideratu du « Batekmila » ikusgarria, hau programa zabalago batean sartzean dena.
Ikusgarri honetan, euskal kondairak antzerkiratuak izan dira, Théâtre du Rivage taldearen eskutik, eta zubiak eginak izan Beñat Achiary kantariarekin, Ballet Biarritz Junior-eko dantzariekin, Gaël Domenger koregrafoaren eskutik eta Laurent Martin konpositorearen musika sorkuntzan oinarriturik, ahantzi gabe Pascal Sangla, antzerkirako musika egilea.
Ikusgarri honetan, desafio andana bat bazen, eta hauen artean, antzerkia euskaraz emaitea, bainan erdarazko ulermen gako batzuekin. Zergatik hori ? bereziki iparraldeko errealitatea ikusiz (jendetzaren % 75a ez da euskaraduna), baitezpadakoa da gogoetaren eramatea, eta esperientzia batzuen egitea, publiko zabalari euskal kulturaren ezagutaraztea, eta ahalaz maitaraztea.
Ikusgarri honek eztabaida sortu du eta hainbat hobe ! Artistikoa oro har, ederra eta berritzailea izan da, bainan hortarik aparte, erronka batzu (ez denak bixtan dena) irabazi ditugu : bakoitzak beretik egitasmo amankomun batetara bildu dira artistak ; euskal kultura kasik batere ezagutzen ez zuen antzerki talde profesional batek (Théâtre du Rivage) lan egin du euskal antzerkilariekin, gehienak hegoaldekoak, eta nahitaez, euskal publikotik aparteko jende berriak erakarri ditugu ikusgarrira. Azken erronka, eta ez gutiena : egitasmo honen inguruan, iparraldeko kultura egitura handienak (Ballet Biarritz/Dantzaz, Conservatoire national de région, Scène nationale) elkartu dira, norberak ekartzen zuela bere esperientziaren fruitua.

Bestalde, dantza alorrean, aipatu nahi dut « Kutx ala pil » kreazioa, Claude Iruretagoiena eta Catherine Arçanuthurry koregrafoen zuzendaritzapean emana izan dena, lehen aldikoz Biarritzeko « Maitaldia » festibalean. Xiberoko maskaradetarik abiaturik, konpainiak uztartu ditu ohizko dantza, kantu eta musika, era garaikide batean.

Oro har, sorkuntza hauek guziek erakustera emaiten dute euskal kulturaren berritzeko nahia, bakoitzak bere gisara, eta opatzen dut bertze horrelako anitz obra dadin ondoko hilabete eta urteetan.

Euskara jalgi hadi mundura...

BatekMila programaren barnean, Euskal kultur erakundeak euskal kulturaren internet ataria sortu du : http://www.eke.org, guretzat baitezpadakoa baita euskara eta euskal kultura sar daitezen komunikaziorako euskarri berri hauetan, munduan gaindi hedatuak izaiteko gisan.

Egitasmo honen bidez, Informazio eta Komunikazio Teknologietan oinarritu zerbitzu multzo bat eskaintzen da lau hizkuntzatan (euskaraz, frantsesez, ingelesez, gazteleraz).

Besteak beste, webgune horrek euskal kulturaren agenda bat argitaratzen du, Euskal Herriko arteari, hizkuntzari eta ondareari buruzko informazio trinkoak, bai eta tokiko elkarteen eta artisteen aurkezpen xehea (datu-basea) ere. Bestalde, atariak extranet-intranet dimentsio bat badauka, beren egoitza edozein lurraldetan izanik ere,

Euskal Herriko kultura elkarteek barne komunikazio eraginkorrago bat ukan dezaten. Ondorioz, Euskal kultur erakundeak hautu teknologiko egokiak egin ditu, tresna erabil erraza izan dadin baliatzaileentzat eta kultura aktoreentzat.

Iparraldeko jendeak zer nahi du ?

Kultura politika baten eraikitzeko, garrantzitsua da jakitea, besteak beste, jendeak zer igurikatzen duen kultura mailan, eta zer atxikimendu daukan gure kasuan euskal nortasunarekin.

BatekMila programa daukagula eta, inkesta zabala egin dugu, nola iparraldean, hala hegoaldean, Eusko Ikaskuntzaren partaidetzarekin.
Inkestak lau gai nagusi jorratu ditu : lurraldea, nortasuna, hizkuntza, kultura.
Orotara 4000 jende baino gehiago galdezkatuak izan dira, haietatik 1600 Ipar Euskal Herrian. Lehen aldia da hainbeste arlo hunkitzen dituen inkesta bat antolatua dela Euskal Herriko eskualde guzietan. Hurbilpen kuantitatiboa (galdesortak) eta kualitatiboa (buruz buruko elkarrizketak, eztabaida taldeak) bateratuak izan dira.

Ideologiaren aldetik, zazpi herrialdeek dute Euskal Herria hobekienik definitzen. Baina praktikan harreman haustura bat badago Iparraldearen eta Hegoaldearen artean. Dena dela,
jende gehienentzat erreferentziazko lurraldea bere udalerria da eta dagoen lurralde
administratiboa.
Iparraldean euskal nortasunaren ezaugarri nagusiak dira sor lekua eta euskara, aldiz
Hegoaldean euskal herritar izateko nahia, herrian bizitzeko eta lan egiteko aukera.
Nortasun sentimenduak oso desberdinak dira lurralde batetik bestera, bainan orokorrean, iparraldeko jendetzaren gehiena (% 53) lehenik frantses senditzen da, euskaldun-frantsesek %24a osatzen dute, eta bereziki euskaldun senditzen dena %16ekoa da.
Anitzek nahi dute haurrek euskara ikas dezaten eta jatorrizko euskal izenak atxik ditzagun.
Euskararen alde bada maitasun oldarra, bainan hau eguneroko erabilerari buruz norabidetu
behar da.
Kultura ikurraren eta errealitatearen mugan dago. Euskal kultura aipatzen dutenentzat
aipagai nagusiak dira euskara, kantua, dantza, pilota, ohiturak. Halere ohizko praktikan
euskarak ez dauka lehentasuna, baina bai zinemak, kontzertuek, dantzak, erakustokiek.
Antzerkia, bertsolaritza eta literatura ez dira hain erakargarriak jende askorentzat, euskara
dakitenak barne. Bereziki irakurketak badu sostengu eraginkor baten beharra.

Hona hemen Euskal Herriaren argazki aberats bat, denbora berean berezia eta anitza.
Hitz batez, gauza guztiak bilakaeran daude : lurraldearen kontzeptua, hizkuntza eta kultura
adierazpenak eta bereziki nortasunaren sentimendua. Hain segur, horra zergatik laginaren
gehiengo handiak ez duen globalizazioaren beldurrik.

Gure ondoko urratsa, beste hainbat partaideekin, ikerketa honen aztertzea izanen da. Gero, bakoitzak ekintza zehatz batzu obratu beharko ditu, nere ustez, bi xede batera eramanez : alde batetik gure euskararen eta euskal kulturaren indartzea, erakaskuntzaren bidez, eguneroko bizian eta bereziki sormena garatuz, etabar, eta bestetik kultura aniztasunaren kondutan hartzea, aldi berean berdinak eta bestelakoak elkartzeko gisan. Hau da BatekMila programaren xede nagusienetarikakoa.


Pantxoa ETCHEGOIN

Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria