Zoe Bray, Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldiaren irabazle berria

2022/07/22

2022ko urriaren 3tik 28ra, artista, antropologoa, erakaslea eta idazlea den Zoe Bray Hendaiako Nekatoenea etxean egonen da. Alabaina, Abbadia Eremuko Nekatoenean urtero euskarazko literatura sorkuntza egonaldi bat antolatzen duten Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak, bere hautagaitza onartu dute, Elkano Fundazioaren oniritziarekin.

Zoe Bray, Nekatoeneako literatura sorkuntza egonaldiaren irabazle berria
© Zoe Bray

Hamabigarren urtez jarraian, euskal sortzaile batek parte hartuko du Euskal kultur erakundeak, CPIE Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak proposatzen duten euskarazko literatura sorkuntza egonaldian. Idazketa proiektua baldintza hoberenetan burutzeko, hiru partaide sortzaileek baliabide ekonomikoak eta logistikoak eskaintzen dizkiote saridunari. Ekimen honen bidez, helburua euskal literatura sorkuntza sostengatzea eta bultzatzea da.

Azken bi urte hauetan, Getariako Elkano Fundazioak proiektuarekin bat egin du, hiru urterentzat. Horrela, egonaldi honek, Juan Sebastian Elkano euskal esploratzailea eta marinel ospetsua berriz ere nabarmentzeko aukera eskainiko du, munduko lehen itzuliaren 500. urtemugaren karietara. Aurtego deialdiarekin, bere bidaiaren ondorioak eta jendartean ukan duen eragina ere agerian eman nahi izan dira.

Egitura bakoitzeko ordezkari batez osatua den epaimahaiak, egonaldia eta horrekin doan dirulaguntza Zoe Bray sortzaileari ematea erabaki zuen.

1974an sortua, Nevadako Reno hirian bizi da Zoe Bray, aita inglesa eta ama baxenafartarra ditu. Lan kontuengatik familia Europako hainbat lekutan bizi izan da; Euskal Herriarekiko lotura betidanik atxikiz eta euskara (bere bosgarren hizkuntza) ikasi zuen.

Nahia Zubeldia edo Maialen Akizu aitzineko irabazleak bezala, Zoe Bray hilabete batez egonen da Hendaiako Abbadia Eremuko Nekatoenean, 2022ko urriaren 3tik 28ra.

Batez ere erretratuak marrazten zituenak, konfinamendu garaietik haurrendako istorioak idazten eta ilustratzen zentratu zen. Nekatoenean eginen duen egonaldiaren karietara, Nevadan bizi den June izeneko neskatxa baten abenturak kondatzen dituen ipuin ilustratu bat lantzeko xedea du.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)