"RTZ kolektiboa" Iparhots egonaldi artistikoaren irabazle

2024/07/21

RTZ Kolektiboa aukeratua izan da Euskal kultur erakundeak, Atabal aretoak, Kulturaz Kultur Kooperatibak eta Musika Bulegoak antolatzen duten Iparhots egonaldi artistikoaren programan parte hartzeko. Horrela, Baionako taldeak, 2023an Ekhi Lambert-en egonaldiarekin hasi zen sormena lantzeko ekimenaren bigarren edizioan parte hartzeko parada izanen du.

"RTZ kolektiboa" Iparhots egonaldi artistikoaren irabazle
© RTZ kolektiboa

Elkarlan honen helburua musikariei, sortzaileei eta Ipar Euskal Herriko musika eragileei proiektu berriak sortzeko eta lantzeko espazioa, baliabideak eta laguntza eskaintzea da. Bi zatitan banatutako egonaldiak bi eguneko lan saioak izanen ditu, eta Atabal aretoan (Biarritz) nahiz Dinamoa sormen gunean (Azpeitia) burutuko da.

Bi zatitan banatuta egonen den egonaldi bakoitza bi egunetakoa izanen da:

  • Urriaren 26 eta 27an - Dinamoa sormen gunean (Azpeitia)
  • Urriaren 28 eta 29an Atabal-en (Biarritz)

RTZ Kolektiboa 2021ean Baionako Zizpa gaztetxean sortu den rap taldea da. Lehen urteetan, eskoletan, elkarteetan eta San Espiritu auzoan rap tailerrak eman eta gero, RTZ kolektiboak azkar plazaratu eta defendatu ditu bere lanak eszena gainean baita hainbat ekitalditan (Se loger au pays/Herrian bizi, Zuper festa, Korrika, EHZ, etab...).

Gaur egun, hausnarketa baten ondotik, rap tailerrari bukaera eman zaio eta kideek Konkista izeneko EP-a sortzeari erabat buru-belarri aritzea erabaki dute. RTZ Kolektiboa Studio perception (Angelu) eta Alkimia produkzioa (Hendaia) ekoiztetxeekin elkarlanean ari da. Horrez gain, bere komunikaziorako (argazkiak, bideoak, sare sozialak), Amphibie studio (Hendaia) izeneko enpresarekin ari da lanean.

Lehen proiektu honetarako, lau raplarik osatzen dute kolektiboa: Petri-k, Oph-ek, Frel Asiat-ek eta TLM-ek. Bestalde, EP-a osatzen duten kantu guziak DJ Wall-ek ekoiztu ditu (Studio percetion). Azkenik, RTZk, oro har, euskaraz idazten du Trap, Drill eta Boombap instrumentaletan. 

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)