Patxi Zubizarreta-ren idazle egonaldia Nekatoenean

2015/05/21

Nekatoenea euskal idazle egonaldiaren bosgarren edizioaren karietara, Patxi Zubizarreta Ordiziarra hautatua izan da. Idazlea 2015eko urrian egonen da Hendaiako etxe famatuan gazteei zuzenduriko eleberri baten idazteko. Euskal kultur erakundea partaide da. 

Patxi Zubizarreta-ren idazle egonaldia Nekatoenean
© Zaldi Ero

Badu 5 urte, Euskal kultur erakundea, Euskal Idazleen Elkartea, eta Euskal Itsasbazterreko Ingurumen Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorra (IAEZI) elkarlanean hasi zirela idazle egonaldiak antolatzeko Hendaiako Nekatoenean. Aldiro, idazteko modu bat, estilo bat, pertsona ezberdin bat hautatua izan da. Aldi huntan, euskal literaturan bide luzea egin duen Patxi Zubizarreta izan da hautatua beste proposamen interesgarri batzuen artean. Gazteentzako eskaintza ekartzen digu Zubizarretak. Xumea, oinarrizkoa, bi gazteen arteko maitasunaz mintzatuko den eleberria proposatu du. Bere hitzetan: "Euskal literaturan gazteentzat dagoen original gabezia kontuan harturik, gazteengan konplizitatea eta irakurzaletasuna piztuko duen lana egiteko asmoa dut, haiengandik gertu izan daitekeen gai batekin: bi gazteren arteko amodio istorio bat; bizikleta bidaia bat, hots, abentura…"

Hainbat idazlek bezala, gazteen irakurtzeko modu berrietan lan egin nahi du Patxik, kasu honetan komikiari leku emanez bere testuan. Idazleak dioenez, hautu estetikoa da: "eguneroko formatua erabiliko dut, testu laburrak, beraz, flashak; horrekin batera, komikilari bati zabalduko diot proposamena, testua eta irudia batera etor daitezen, irakurketa eta iradokizunak zabalagoak izan daitezen".

Patxi Zubizarreta Ordizian sortu bazen ere (1964), Gasteizen euskal filologia ikasketak burutu ondoan, harrezkero bertan bizi da. Irakaskuntzan sar-jalgi bat egin arren, besteak beste Kanboko Xalbadior kolegioan, literaturarekin bizi da. Bere lanak molde askotarikoak dira, baina nabarmendu behar da azken urteotan beste diziplina artistikoekin bat egiteko erakutsi duen joera: pintura, musika, zinema… Horren erakusgarri dira:

  • Haurrentzat: Urrezko giltza ; Usoa, hegan etorritako neskatoa
  • Gazteentzat: Mundua lo dagoen bitartean ; Atlas sentimentala ; Eztia eta ozpina
  • Helduentzat: Joan, 50
  • Itzulpenak: Printze Txikia ; Ibrahim jauna eta Koranaren loreak ; Mirarien kalezuloa

Literatura egonaldi hau Euskal kultur erakundearen Hogei'ta programaren barnean kokatzen da.

Xehetasunak

 

 

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)