Odei Barroso bertsulariaren egonaldia Donibane Lohizuneko baratze botanikoan

Euskal kultur erakundeak partaidetza bat darama, hainbat urte hauetan, Donibane Lohizuneko Paul Jovet baratze botanikoaren adixkideekin. 2013ko urtarrila arte baratzea kudeatzen zuen elkarte honek (kudeaketa hori beregain hartu du geroztik Donibane Lohizuneko Herriko-Etxeak ) segitzen du baratzea animatzen, bai paisaiak, bai alde zientifikoa baloratuz.

Partaidetza hori dela eta, Euskal kultur erakundeak eta baratze botanikoaren lagunek artista egonaldi bat antolatzen dute, baratzean berean, 2013-2014 urteetan zehar. Odei Barroso bertsularia da hor egonen den artista.

Hiru egonaldi laburren egiteko xedea du bertsulariak sasoin bakoitzean. Noizean behin (bi aldiz bederen) berekin ekarriko ditu Donibane Lohizuneko bertsu eskolako bertsulari gazteak, hauek ere baratzeak sortzen dizkien emozioak elez eta gero paperrez finkatuko dituztela. Bai Odei Barrosok, bai ikasle gazte horiek sortuko dutena publikoki aurkeztua izanen da 2014ko ondarearen egunetan, tokian berean.

Egonaldia 2013ko urriko bigarren hamabostalditik goiti hasiko da.

Euskal kultur erakundeak egonaldi hau sustatzen du ere bere gazte sortzaileen laguntzeko "Hogei'ta" programaren karietara.

Xehetasunak