Nader Koochaki artistaren "Soineko paisaia" erakusketa Baionan

2023/01/06

Soineko Paisaia lana Gipuzkoako ehun burutik gorako artaldeen zintzarri hotsen artxibo soinuduna da. Nader Koochakik eraman bilketa lan hori Baionako euskal museoan erakutsiko da urtarrilaren 20tik apirilaren 9a arte. Euskal kultur erakundea ekimen honen partaide da, urte bukaeran aurkeztuko den artista donostiarraren Museoa Urtu egitasmoari hurbiletik lotua baita.

Nader Koochaki artistaren "Soineko paisaia" erakusketa Baionan
© Nader Koochaki

Euskal Etnopoloaren karietara, Baionako Euskal Museoak eta Euskal Kultur Erankundeak Soineko Paisaia Nader Koochaki-ren (1983, Donostia) instalazio artistikoa aurkezten dute. Artistak, artzaintzaz egin lan ugarien emaitza dugu.

Nader Koochaki-ren erakusketa mapaz, irudiz, testuz eta binilo diskoz osatua da. Donostiako Tabakalera kultura gunean eta Gazteizko Artium Museoan jadanik aurkeztua izan da, besteak beste, aitzineko urteetan.

Euskal Museoan proposatu instalazioak, bisitariari joare soinu bilketa horretan murgiltzeko aukera eskaintzen dio, 11 ordu baino gehiagoko grabaketez gozatzeko.

Artzaintzaren inguruan argitaratu diren lanak anitzak izanik ere, entzumenean jarri duten lanak urriak dira. Soineko Paisaia  antropologiaren diziplinari eduki berriak eskaintzen dizkio, artzain munduak ingurumenean duen eragina erakutsiz.

Erakusketa hori Xiberuko lurraldeari dedikatua den Museoa Urtu egitasmoarekin lotua da. Nader Koochakik urte bukaeran aurkeztu behar luke, hau ere Baionako Euskal Museoan.

Partaideak: Baionako Euskal Museoa, Euskal kultur erakundea, Gordailua - Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa, Euskal Herriko Mendi Elkargoen Batasuna (EHMEB), Lortek (Ordizia), Ceit Gune Teknologikoa (Donostia).

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)