Libertimendua Donapaleun

"Eguzki eder batekin, hotzik gabe, libertimendu pesta egiteko ezin hobea zen aroa izan dugu Amikuztarrek joan den otsailaren 17an. Goizeko 10ak aintzinttoan abiatu zen kabalkada herriko karriketan gaindi. Aroaren gisa, dantzariak ere arrai eta erne agertu ziren. Merkatu plazara ondoan, aski lan izan zuten borobilaren egiteko haibeste jenderen artetik, publikoa eta aritzaileak bereizten dituen espazioan egoiten baitzen ikusleen parte bat, dantzariek inguraturik ere memento batez. Azken finean, jendeak ulertu zuen nun zen bere tokia eta gauzek ber omore onean segitu zuten aitzina. Zirtzilek berena bete zuten ere, azken denboretako aktualitate kargatuaz baliatuz artetik, nolazbait hori baitzuen ere igurikatzen, dirudienez, horrat hurbildu jendeak. Bertsulariek oihartzun egin zieten ere, Maddi Sarasua eta Joanes Etxebarria ziren aurten, eta agertu suiet desberdinen luzamena egin zuten, batean zirtzilen aldera, bestean berdin kontra, noiztenka hala merezi baitute ere.

Plazako besta bururatzeko, jauziak eman zituzten aritu nahi zuten guziek. Ondotik, Airetik salako bazkarian 200 bat lagun elgarretaratzen ziren, bestaren eta aroaren gozoa, bi solas trukatuz luzatzeko.

Besta kausitua orohar, jendearen eta gazteriaren parte hartze ederrarekin, aurtengo ihauterien bukaera markatu duena, eta ondoko urteak beste hainbeste ekarriko duenaren esperantzarekin finitu duguna".

Mattin Irigoien

Gehiago jakin