Iparraldeko idazleen promozioa interneten: Henri Duhau idazlearen obra osoa sarean eskuragarri

2020/04/10

Henri Duhau idazle eta historialari senpertarra lagundu du Euskal kultur erakundeak bere obra osoa interneten zintzilikatzen. Ekimen honek agerian uzten du EKE-k ekar lezakeen sostengua, irakurketa alorreko beste eragileekin uztarturik, Ipar Euskal Herriko idazleen presentzia nabarmenagoa izan dadin sarean.

Iparraldeko idazleen promozioa interneten: Henri Duhau idazlearen obra osoa sarean eskuragarri
Henri Duhau © Maite Deliart (EKE) - CC-BY-SA

Izan ere Iparraldeko idazleen ikusgarritasunaren lantzea irakurketa publikoaren alorreko kezka partekatua da. Asmo horrekin, azken bi urte hauetan Euskal kultur erakundeak bultzatzen ditu BILKETA liburuzain sareak noizean behin antolatzen dituen Wikipédia tailerrak, helburua gure idazle-orrien sortzea delarik interneteko entziklopedia ezagunean.

Duela zonbait hilabete, idazle horietarik bat, Henri Duhau, Euskal kultur erakundearekin harremanetan jarri zen zuzenean, laguntza eske, bere obra osoa argitaratu nahi baitzuen interneten. 

Orain arte bere artikulu eta ekarpen frango argitaratuak izan baziren ere, Euskaltzaindiaren webgunean, ikerlari eta historialari senpertarrak bere liburu guziak nahi zituen jendeen esku jarri, urririk. 
Helburu horren lortzeko lan handia hartu du bere gain Henri Duhau-k, fitxategiak prestatuz, eranskinak gehituz, eta beharrezkoak ziren eskubideak bermatuz, baimenak bildurik.

Gaur egun, bere bibliografia osoa eta bere argitalpen guziak gure Mintzoak.eus ataritik deskarga daitezke, dohainik.
Eskertzekoa da zinez Henri Duhau-ren ekimena eta eskuzabaltasuna. Erreferentziak bilakatu diren liburuak eskaintzen dizkigu orain, euskarari (Hasian Hasi, Beskoitzeko Euskara, Euskal aditz batua...), euskal dantzari (Lapurdiko ihauteria eta mutxikoen pizkundea) edota tokian-tokiko historiari (Beskoitzeko Ur Gaziak…) datxekiela.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)