Iparraldeko egituren bihotz taupadek Durangoko Azokaren taupadekin bat eginen dute
Durangoko Azokak bere 55. edizioa ospatuko du 2020ko abenduaren 4tik 8ra, baina, osasun krisia dela eta, aurten edizio desmaterializatua izanen da. Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen artean 2006an abiatu partaidetzari esker, ipar Euskal Herriko egiturak eta ekoizpenak agerian ematen ditugu. Aurten gainera, Euskal kultur erakundeak promozio bideo bat ekoiztu du.
Nahiz eta mantendua izan, Durangoko Azokaren 55. edizioa ez-ohikoa izanen da. Izan ere, osasun egoerak baldintzatuta, antolatzaileek euskal kulturaren hitzordu nagusi hori osoki berriz pentsatu behar izan dute.
Durangoko Azokaren 55. edizioko leloa "TAU PA DA!" izanen da
Gerediaga elkarteko lehendakaria den Nerea Mujikak nabarmendu duenez, Durangoko Azokak erronka handia du aurrez aurre: "Azokak erakutsi du bere 55 urteko ibilbidean garai berrietara egokitzeko gaitasuna, eta aurtengoan ere hala egin beharko du, bere identitatea galdu gabe. Presentzialki ezinezkoa izango den arren, plaza digitala eskainiko dio euskal kulturari".
Aurten ezinezkoa izanen da Landako gunean erakusmahai batetik bestera ibiltzea. Hala ere, urteko ekoizpen editoriala, denda birtualaren bitartez eskuragarri egonen da abenduaren 4tik 8ra.
Azokan egiten diren salmentek hego Euskal Herriko argitaletxe eta diskoetxeen fakturazioan pisu handia dute (Siadeco-k 2019an egin zuen kultur kontsumoei buruzko ikerketaren arabera, %22koa da bataz beste). Kopuru hori Iparraldeko egiturentzat hain garrantzitsua ez bada ere, Durangoko Azoka ezinbesteko hitzordua gelditzen da.
Aurten ere Iparraldeko argitaletxe eta diskoetxeak berritasun ugarirekin izanen dira azokan: haur literatura, diskoak, eleberriak, olerki bildumak, literatur aldizkariak, egutegi bat… Iparraldeko sortzaileen 38 berritasun aurkitzen ahalko dira denda birtualean, bai eta beste urteetako ekoizpen frango ere.
▶ Iparraldeko egituren 2020ko berritasunen katalogoa eskuratu (PDF)
Aurten, Iparraldetik hamar egitura izanen dira azokan: sei argitaletxe, hiru diskoetxe eta bestelako egitura bat. Bi autoekoizpenek osatuko dute panorama. Beste urteetan bezala, Elkar argitaletxearen Iparraldeko adarra Elkar talde osoaren baitan ordezkatua izanen da.
- Argitaletxeak: Elkar, Gatuzain, Ikas, Maiatz, Matahami, Zortziko
- Diskoetxeak: Agorila, Belarri, Saroia
- Beste egitura mota: Seaska
- Autoekoizpenak: Hutsaren Hatsa zigilua, Kalapita produkzioak
Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen artean 2006an abiatu partaidetzari esker, ipar Euskal Herriko ekoizpenak argiago agertzen dira Durangoko azokan (ikus. Ipar Euskal Herriko egiturak Durangoko Azokan laguntzeko programa). Edizio berezia dela eta, aurten, Euskal kultur erakundeak erabaki du komunikazio azkarrago bat plantan ematea promozio bideo baten ekoizpenari esker.
Kultur ekitaldiak, izan kontzertuak, liburu aurkezpenak edo mahai inguruak inpaktatuak izanen dira. Batzuk fisikoki gauzatuko diren arren, plantan ezarria den osasun protokoloak ez dio jende gehienari parte hartzeko paradarik eskainiko. Horregatik, Gerediagak streaming sistema baten bidez zabaltzea aurreikusia du. Aurten, ehun hitzorduren artean, hiru aurkezpen programatuak izanen dira Iparraldeko egituren eta artisten bidez.
2020ko Durangoko Azoka zenbakitan
- Parte-hartzaileak: 185
- 100 kultur ekitaldi baino gehiago
- Aurkeztuko diren berritasunak: 852
636 liburu · 100 disko · 44 aldizkari · 72 bestelako ekoizpen (joko, agenda, egutegi…)
Ipar Euskal Herriko egituren ekoizpena Durangon, zenbakitan
- 10 egitura eta 2 autoekoizle
- 38 berritasun: 23 liburu, 9 disko, eta 3 bestelako ekoizpen (egutegi, aldizkari, aditz karta)
- 3 kultur ekitaldi (disko aurkezpenak, haurrendako irakurraldi bat)
Xehetasunak
- 2020ko Ipar Euskal Herriko ekoizpenen katalogoa (PDF)
- Berritasunen promozio bideoa (osotasunean eta zatika)
- Ipar Euskal Herriko egiturek Durangoko Azokan parte har dezaten jarraipen programa
- Durangoko Azoka
- Harremana: Maia Etchandy (EKE) – maia.etchandy@eke.eus
- Gerediaga elkartea
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)