Iparraldeko egiturak Durangoko Azokaren 58.edizioan
Durangoko Azokaren 58. edizioa, 2023ko abenduaren 6tik 10era iraganen da. Ipar Euskal Herriko argitaletxeek, diskoetxeek edo/ta kultura elkarteek Durangoko Azokan parte hartzeko Euskal kultur erakundeko laguntza ukan dute aurten ere. EKE-k plantan eman jarraipen programari esker, beren presentzia garatzen eta iraunkortzen da eta bide batez, ipar Euskal Herriko euskal kulturari oihartzun gehiago ematen zaio hego Euskal Herrian.
Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal kultur erakundearen artean 2006an abiatu partaidetzari esker, argitaletxeek, diskoetxeek eta kultura elkarteek dirulaguntza bat eta laguntza tekniko bat ukaiten dute. Horrela, erakusmahaia merkeago alokatzen ahal dute eta errazago sartzen ahal dira azokaren programazioan (ikusgarriak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, mintzaldiak, eztabaidak...).
Aurten ere Euskal kultur erakundeak, azokan izanen diren ipar Euskal Herriko sortzaileen lanak biltzen dituen katalogo bat ekoiztu du. Katalogo honetan, 2023 urtean zehar atera liburu, disko, komiki eta egutegiak atzemanen dira. Uzta anitza eta aberatsa, azokan parte hartzen duten egituren erakusmahaietan salgai izanen da bost egunez.
EKEk Durangoko Azokaren 58. edizioan parte hartzen lagunduko dituen 12 egiturak hauek dira:
- Argitaletxeak: Maiatz, Ikas, Herrima, Musik’haria, Zortziko, ZTK.
- Diskoetxe edo musika elkarteak: Belarri, Maita Kultura, Karma, Patrice “Watson” Dumora
- Elkartea: Seaska
Bestalde, azokak iraunen duen bost egunetan zehar, ipar Euskal Herriko 14 sortzaileren lanak (liburu edo disko aukezpenak) aurkeztuak izanen dira azokaren gune ezberdinetan.
Azkenik, azpimarratzekoa da aurten profesionalei zuzendu DA !pro ekitaldian, familia ikuskizunei zuzendu egunean Ipar Euskal Herriko 3 konpainiek parte hartu dutela: Jour de Fête konpainiak, Alabena konpainiak eta Itzuli konpainiak. Sortzaileek Hego EHko programatzaileei haien lanaren aitzin dasta bat aurkezteko parada ukan dute.
Durangoko Azoka zenbakitan
2023ko abenduaren 6tik 10era
- 265 ekitaldi
- 257 erakusmahaitan banatuta, 170 partaide
- 950 berritasun: 689 liburu, 179 disko edo musika produktu, 44 aldizkari, eta bestelako 40 ekoizpen
Ipar Euskal Herriko egituren ekoizpena Durangoko Azokan, zenbakitan (2023)
- 12 egitura (argitaletxe, diskoetxe eta kultur elkarte)
- 39 berritasun, horietan 21 liburu, 4 komiki/eleberri grafiko, 11 disko, liburu-disko 1 eta 2 bestelako ekoizpen (egutegi, aldizkari)
- 14 kultur ekitaldi (liburu edo disko aurkezpenak)
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)