Iparraldea Bertan: ipar Euskal Herriko artistak Donostian

2022/03/01

Iparraldea Bertan zikloaren 21. edizioa martxoaren 1etik 22ra iraganen da, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Euskal kultur erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, hainbat kontzertu, hitzaldi eta erakusketa eskainiko ditu, bai eta film proiekzio bat ere. Antolatuak diren ekitaldi guziak zuzenean ikusgai izanen dira Koldo Mitxelena Kulturunearen webgunean.

Iparraldea Bertan: ipar Euskal Herriko artistak Donostian

Iparraldeko artisten sorkuntzak agerian emateaz gain, Euskal kultur erakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aspaldian antolatzen duten Iparraldea Bertan zikloak, gure lurraldearen kultura aberastasuna Hegoaldeko biztanleeri ezagutaraztea du helburu. Aurten ere, nahiz eta osasun krisia izan, ipar Euskal Herriko artistak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneko liburutegian arituko dira martxoko astearte arrats guziz, arratsaldeko 19:00etan.

Egitaraua

  • Martxoaren 1ean: Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren aurkezpena kari, Colette Larraburuk hitzaldi kantatua eskainiko du Peio eta Pantxoa, Beñat Sarasola, Joanes Borda, Panpi Lacarrieu, Patxika Erramouspé eta Gexan Alfaro abeslarien parte hartzearekin.
    (> Ikus hitzaldiaren grabaketa)
  • Martxoaren 8an: Lumi bikotearen kontzertua
  • (> Ikus kontzertuaren grabaketa)
  • Martxoaren 15ean: Etxetaburu taldearen kontzertua Mixel Etxekopar eta Jean-Christian Hirigoyenekin
  • Martxoaren 22an: Eleketa programaren aurkezpena eta Oskar Alegriaren Erleketa filmaren proiekzioa
  • Martxoaren 1.etik 25era: erakusketa (Liburutegiko 1. solairuan) Colette Larrabururen Francoren mende kantatzen genuenean liburuaren haritik
    1970eko hamarkadan, Ipar Euskal Herriko emakume eta gizon abeslari batzuek euskal kantua herritartasun eskubiderik gabeko guneetan sartu zuten. Bereziki Hego Euskal Herrian, frankismoaren berunezko txapa jasaiten zuten lekuetan. Hainbat argazki, kartel, disko, irudi eta oroitzapen dokumentu gertakari haren eragileen eskuetatik bildurik, erakusketa honek garai hartako giroa ezagutzeko eta ulertzeko aukera emanen digu.

Oroitaraz dezagun antolatuak diren ekitaldi guziak internet bidez zuzenean segitzen ahalko direla hemen klikatuz.

Xehetasunak

  • Egitarau osoa (PDF)
  • Bertara joateko baitezpadakoa da aitzinetik izena ematea: Koldo Mitxelena Kulturunea  programazioa@gipuzkoa.eus / +34 943 11 28 93

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)