Iparra galdu gabe: Iparraldeko artisten hitzordua Getxon

2021/05/05

2020ko edizio murriztuaren ondotik, Getxoko Iparra galdu gabe festibala 2021eko maiatzaren 16tik 23ra iraganen da azkenean. Iparraldeko artistak programazioaren muinean ezartzen dituen kultura denboraldi zirraragarri hau, Euskal kultur erakundeak eta Getxoko Hiriak urte anitzetan eraman duten partaidetzaren emaitza da.

Iparra galdu gabe: Iparraldeko artisten hitzordua Getxon
Iparra galdu gabe 2021 © Getxoko Hiria

Bi urtetarik behin, Getxoko Hiriak, Euskal kultur erakundearekin elkarlanean, Iparraldeko hainbat artista gomitatzen dituen Iparra galdu gabe diziplina anitzeko festibala antolatzen du. Bi erakundeen artean duela hamabost urte baino gehiago hasitako elkarlanak helburu hauek ditu: Iparraldeko ekoizpen artistikoen eta artisten zirkulazioa erraztea eta sustatzea; Bizkaiko hiri horren biztanleei gure baliabide kulturalak ezagutaraztea; baita iparraldearen eta hegoaldearen arteko trukaketa artistikoak biderkatzea ere.

Covid-19 izurritearen ondorioz, hasiera batean 2020ko azaroan zehar iragan behar zen festibalaren programazio gehiena atzeratu behar izan zen. Izan ere, "Noraezean, argazki-misioa euskal paisaietatik barna" erakusketa bakarrik aurkeztu ahal izan zitzaion orduan publikoari.

Osasun baldintzak gaur egun hobeak direlakoan, Iparra galdu gabe festibala datorren maiatzaren 16tik 23ra ospatuko da. Batez ere musikan eta kantuan zentratua den 9. edizio honetan, GuraShow, Aire ahizpak edo Erramun Martikorena-ren kontzertuak entzungai izanen dira, besteak beste.

2020an, Philippe de Ezkurra akordeonistak eta Thierry Biscary kantariak masterclass bat kudeatu zuten Getxoko Andrés Irasi musika Eskolako ikasleekin. Iparraldeko kantu tradizionalez eta egungo musika berrinterpretazioz osatutako errepertorioarekin, musika Eskolako musikari gazteek, bi artistekin batera, kontzertu bat eskainiko dute maiatzaren 21ean. Gainera, kontzertu horren karietara, Getxoko Hiriak Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendari ohia eskertuko du, azken hogei urteetan Hiriaren eta EKE-ren arteko partaidetza kari egin lanagatik (argazki-bilduma).

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)