Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren lekukotasun sortak

2022/12/18

Azken 15 urte hauetan daramagun Eleketa ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketaren emaitzen ezagutzeko modu berri bat proposatzen dizugu. Izan ere gai baten inguruan hautatutako elkarrizketa zatiak edo lekukotasun sortak agertuko dira hemendik aitzina Mintzoak.eus plataforman.

Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren lekukotasun sortak
Laborari bat Senperen 1950 hamarkadan © Christian Jougleux

Eleketa bezalako funtsen arakatzeko balio dute lekukotasun sorta horiek. Adibide gisa lau bilduma eman ditugun sarean. Bideo-pasarte hautatuez osatuak. Gehienek azpitituluak badituzte.

© EATB
© EATB

Euskal antzerkia Ipar Euskal Herrian (1950-1990)

Iparraldean kasik berrogeita hamar urtez (1922-1970) ekintza katoliko gisa apezen esku egonik, laikoek beregain hartu zituzten antzerki taldeak, abertzale batzuek berehala konprenituko zutela euskal alor horren garrantzia. Garai hartaz mintzo diren zonbait lekukoren elkarrizketa zatiak entzungai hemen.
© Polo Garat
© Polo Garat

Zapatagintzaren industria Hazparnen (1950-1970)

Euskal kultur erakundeak, Eleketa ahozko memoriaren bilketaren programaren baitan, zapatagintzak Hazpandarren gogoan utzi aztarnak (bigarren mundu gerlatik landa) bildu ditu, zonbait lekukotasun grabatuz. Hemen dago bilketa horren lagin bat.
© Blezio familia
© Blezio familia

II. mundu gerla garai Iparraldean (1939-1945)

Euskal kultur erakundeak Eleketa ahozko memoriaren ikus-entzunezko bilketaren karietara II. mundu gerlari buruz grabatu zonbait lekukotasun zatiren hautaketa.
© Xabi Berruet
© Xabi Berruet

Donibane Lohizune - Ziburuko portua (1935-1995)

Eleketa ahozko memoriaren programaren baitan bildu XX. mendeko Donibane Lohizune - Ziburuko portuko itsasturien lekukotasun-zatien hautaketa bat.

Beste lekukotasun sorta batzuk argitaratuko ditugu ondoko hilabeteetan, gure transmisio egitasmo desberdinetan agertuko diren beharren arabera edota publiko zabalak gustukoak ukan lezazkeen gaiak aukeraturik. Eleketa funtsaz bestalde beste artxibo-bilduma batzuk ematen ahalko dituzte ere agerian.

2007. urteaz geroztik garatzen du Eleketa programa Euskal kultur erakundeak, Pirinio Atlantikokoko Departamenduaren obralaritzaren pean, erakunde honen jabegoan direlarik bildutako grabaketak. Gaur arte 460 lekukotasun baino gehiago bilduak izan dira karia hortara, gehienak euskaraz.

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)