Hiru hizki, lurralde bat: .EUS internet domeinua
Puntu EUS Fundazioak komunikazio kanpaina bat abiarazi du Ipar Euskal Herrian .EUS internet domeinuaren promozioaren egiteko. Fundazioaren administrazio kontseiluaren kide izanik Euskal kultur erakundeak bat egiten du ekimen honekin, esparru numerikoan ere, euskal kulturaren eta euskararen komunitatearen indartzeko parada ezin hobea ematen duelarik.
Puntus EUS Fundazioaren helburuetarik bat .EUS internet domeinuaren erabileraren sustatzea da, domeinu hori euskara eta euskal kulturaren komunitatearen interneteko lehen mailako domeinua delarik.
.EUS domeinua tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona. Enpresa, erakunde, elkarte eta norbanakoei zuzendua da.
Haatik Ipar Euskal Herrian domeinua ez dago aski ezaguna eta erabilia. Domeinua kudeatzen duen Fundazioak deliberatu du beraz hurbileko komunikazio kanpaina berezi baten diseinatzea, .EUS erabiltzen duten zonbait eragileren adibideak aipatuz.
Azpimarratzekoa da kanpainaren karietara bi domeinu saltzailek (Gandi eta OVH) prezio arrunt erakargarriak eskaintzen dituztela une honetan.
Euskal kultur erakundea lehenetarik izan zen domeinua bere sareko zerbitzuetan lehenesten (eke.eus eta mintzoak.eus plataformetan besteak beste) eta gaur egun Puntu EUS Fundazioaren patronatuaren kide da. Hori dela eta, laguntza ekarri diogu Fundazioari komunikazio kanpaina plantan jartzeko mementuan.
Erran gabe doa gure partaide desberdinak bultzatzen ditugula .EUS domeinuaren erabiltzera, euskal kulturaren komunitatea oraino gehiago agerian emana izana dadin sareko ingurune numerikoan!
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)