Euskarazko bi film proposatuak lehen aldikotz Collège au cinéma dispositiboaren baitan

2021/10/22

Euskal kultur erakundeak, Cinévasion-ek, Pirinio-Atlantikoetako Departamenduak, Hezkuntza nazionalak, Euskararen Erakunde Publikoak eta IKAS euskal pedagogia zerbitzuak egin lanari esker, aurten lehen aldikotz, euskal sorkuntza zinematografikoa kolegioko ikasleen arte eta kultura heziketa xede duen dispositibo batean sartuko da.

Euskarazko bi film proposatuak lehen aldikotz Collège au cinéma dispositiboaren baitan
Nora © DR

Collège au cinéma irudi heziketa dispositibo bat da. Ikasleei, seigarren mailatik hirugarren maila arte, zinema-obrak ezagutzeko parada eskaintzen die zinema geletan haiendako antolatuak diren emanaldien bidez. Horrela, irakasleen eta kultura partaideen lan pedagogikoari esker, ikasleek kultura zinematografiko baten oinarriak lor ditzakete.

Euskal kultur erakundeak, Cinévasion elkarteak, Pirinio-Atlantikoetako Departamenduak, Hezkuntza nazionalak, Euskararen Erakunde Publikoak eta IKAS euskal pedagogia zerbitzuak egin duten lanari esker, aurten lehen aldikotz, euskarazko bi film eskainiko zaizkie Collège au cinéma dispositiboan parte hartzen duten ipar Euskal Herriko kolegioei. Prozesu berri honen helburua da tokiko ekoizpenak ezagutaraztea eta lurraldeko kultura eta hizkuntza berezitasuna baloratzea.  

Lehen esperimentazio honetan, euskarazko bi film aukeratuak izan dira: Lur eta Amets 6. eta 5. mailakoentzat eta Nora 4. eta 3.ekoentzat. Lan horiek jatorrizko bertsioan erakutsiak izanen dira eta ikasle erdaldunei frantses azpitituluak proposatuko zaizkie. Programazioa osatzen duten beste filmeentzat bezala, irakasleei txosten pedagogiko bat proposatuko zaie, eta ikasle bakoitzak fitxa tematiko bat eskuratuko du. Euskarri horiek proiekzioa aitzinetik prestatzeko, zinemaren mundua ezagutzeko, irakurketa elementu historiko, narratibo eta analitikoak proposatzeko, bai eta proiekzioaren ondotik lan ildoak eskaintzeko aukera ematen dute.

Filmak

Lur eta Amets
Lur eta Amets
Lur eta Amets
2020 – Euskal Herria – 83 min
Zuzendaria: Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce
Lur eta Ametsen burasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren boterei esker, ez da asteburu arrunta izanen. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izanen dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, kasik beti izanen dituzte gibeletik.

 

 

Nora
Nora
Nora
2020 – Euskal Herria – 100 min
Zuzendaria: Lara Izagirre
Norak 30 urte ditu, Nicolás aitatxi argentinarrarekin bizi da eta Meri lagunaren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkariaren horoskopoa idazten du, baina bere ametsa bidaia-idazle izatea da. Aitatxiren heriotzak Dyane 6 zahar bat utziko dio herentzian. Norak gaizki gidatzen badu ere, noraezeko road trip-a egingo du Euskal Herriko kostaldean zehar, aitatxiren errautsak amatxiren errautsen ondora eramateko. Bideak laster erakutsiko dio ez dela bidaiari izateko jaio, eta bere ametsak ez zuela zerikusirik berarekin, baizik eta libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta lehenengo aldiz bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko aitzakia besterik ez zela.

Xehetasunak

  • Harremana: Maitane Hernandez (EKE) - maitane.hernandez@eke.eus / 05 59 93 06 84

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)