Euskal kulturak presondegiaren munduarekin topo egiten duenean

2021/07/13

2021eko uztailaren 6tik 8ra, presondegietako gizarteratze zerbitzuarekin partaidetzan, Euskal kultur erakundeak lehen aldikoz euskal kulturari buruzko sentsibilizazio tailerrak esperimentatu zituen Baionako presondegian. Karia hortara, tokiko hainbat artistek euskal dantzaren eta musikaren inguruko topaketak animatu dituzte.

Euskal kulturak presondegiaren munduarekin topo egiten duenean
Bilaka Kolektiboko musikari eta dantzariak Baionako presondegiaren atarian © Akitania Hegoaldeko Eszena nazionala

Euskal kulturaren inguruko ezagutza eta sentsibilizazioa EKE-ren ardatz nagusienetariko bat da. Kultura arartekolaritzaren alorrean eramaten dituen ekintzak publiko mota ezberdinei zuzentzen dira eta euskal kultura guzientzat eskuragarri izatea dute helburu. Horretarako, EKE ez da bakarrik ari eta artistekin zein kultura, heziketa edo gizarte eragile ezberdinekin egitasmoak garatzeko aukerak biderkatzen ditu. Hala nola, presondegietako gizarteratze zerbitzuarekin partaidetza berri bat garatu du, Baionako presondegian atxilotuak diren pertsonei euskal kultura hobeki ezagutarazteko asmoz.

Halaber, 2021eko uztailaren 6tik 8ra, Euskal kultur erakundeak bi oreneko hiru topaketa koordinatu zituen artisten eta presoen artean. Bilaka Kolektiboak, Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak edo Xabi Etcheverry eta Paxkal Irigoyen musikariek dantza tailer bat, musikaren inguruko beste bat, eta azkenik, musika eta dantza uztartzen dituen hirugarren bat zuzendu zituzten. Abentura humano eta artistiko honetan parte hartu zuten lehen artista hauen esperientzia aberasgarria bezain zoragarria izan da. Udazkenean, euskal kulturari buruzko mintzaldi baten moduko laugarren tailer bat iragan beharra da.

"Kultur aste" honen baitan, EKE-k programatu tailerrez gain, Bilaka Kolektiboaren emanaldi bat programatua izan da Akitania Hegoaldeko Eszena nazionalarekin eta Gaia elkarteak ohiko euskal jokoen inguruko iniziazio saio bat proposatu du.

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)