Euskal kultura eta dantza ohoretan Quebecen
Euskal kultura eta bereziki dantza ohoretan eman duen kultur astea antolatu du Euskaldunak elkarteak irailaren 8tik 11ra, Montrealen (Quebec). Karia hortara Ipar Ameriketan ibiliko den gure "SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketan oinarritutako instalazioa estreinatu du, irailaren 9an. Bilaka dantza konpainiak parte hartu du Etxepare institutuak Québec-Pays Basque programaren baitan sustatutako ekitaldi honetan.
2015ean, Euskal kultur erakundeak "SOKA, euskal dantzaren urratsetan" erakusketa estreinatu zuen, arte koreografiko hori publiko zabalari ezagutarazteko asmoz. 2015 eta 2019 urteen artean Europan zehar ibili delarik, SOKA erakusketak arrakasta gaitza ukan du: 45.000 bisitari inguru ukan ditu ezarria izan den 21 herrietan, Euskal Herrian, baina ere Pauen edo Bordelen.
2018an, Quebeceko Euskaldunak elkartea EKE-rekin harremanetan sartu zen, SOKA erakusketaren bertsio egokitu eta sinplifikatu baten sortzeko aukeraren aztertzeko (eduki gehienak bilduz hala nola ikus-entzunezkoak). Egokipen horrek euskal dantzaren aberastasuna lehenik Montrealen, baina ondotik ere ipar Ameriketako beste toki batzuetan ezagutarazi beharko zituenean.
Hastapenetik proiektu honekin bat egin dugu, jakinik Euskaldunak elkarteak egitasmo honen animatzea proposatzen zuela bai ekoizle bezala, bai eta SOKAren bertsio "transatlantiko" honen hedapen sarearen buru bezala ere. Aldi berean berezia eta unibertsala den gure kulturaren adierazbide artistiko nagusienetarik bat euskal diasporari, baina ere publiko zabalago bati ezagutarazteko parada ezin hobea eskainiz.
COVID-19 pandemiak proiektua gibelarazi baldin badu ere, azkenean 2022ko irail honetan gauzatu da.
Gabrielle Duplantier-ren argazkiz ("Dantza izpiak" bildumatik hartuak) osatua den instalazioa irailaren 9an estreinatu da Montrealeko Munduko musikarien zentroan, besteak beste Johañe Etchebest EKE-ko zuzendariaren eta egitasmoa sustatu duten Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariaren eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren presentzian.
Bilaka dantza konpainia aritu da karia hortara baita biharamunean, irailaren 10ean, Le Ber parkean, Euskaldunak elkarteak antolatzen duen euskal bestaren karietara.
Bestalde, irailaren 8an, euskal diasporaren nazioarteko eguna kari, Pantxoa Etchegoin EKE-ko zuzendari ohiak hitzaldi bat eskaini du euskal kulturaren memoriaz eta sorkuntzaz, 19:00etan, hau ere Montrealeko Munduko musikarien zentroan.
Azpimarra dezagun ere Montrealen momentu berean iragan den Quartiers danses festibalaren baitan Biarritzeko Malandain balleta aritu dela, Etxepare institutuak baita Iparraldeko herri elkarkoak ekimena lagundu dutelarik.
SOKA instalazioa Quebecen ibilarazi ondoan Ipar Ameriketako toki ezberdinetan aurkezteko asmoa du Euskaldunak elkarteak, euskal diasporako erakunde ezberdinen parte hartzearekin.
Duela 20 urte baino gehiago, Kantuketan euskal kantuari buruzko erakusketa ibiltariaren sortzeko, partaide Quebectar batzuekin lan egin genuen (eszenografia, ekoizpena). Proiektu hau gauzatuz, Euskal Herriaren eta Quebec-en arteko harremanak oraindik gehiago azkartuko ditugu.
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)