Euskal kultura deskubritzeko tailerrak Baionako presondegian
Euskal kulturaren ezagutza eta haren inguruko sentsibilizazioa Euskal kultur erakundearen ardatz nagusienetarik bat da. Kultur arartekolaritzan eramaten dituen ekintzak, publiko mota ezberdinei zuzenduak dira. Horretarako, EKEk egitasmoak partaide ezberdinekin garatzeko aukerak biderkatzen ditu. Hala nola, Baionako presondegiari lotua den SPIP64 zerbitzuarekin. Hirugarren urtez, partaidetza bat garatu da horko presoei euskal kultura hobeki ezagutarazteko asmoz.
SPIP zerbitzuaren misioen artean, besteak beste, kulturaren eskuragarritasuna sartzen da, presondegiari egokitu aktibitateak programatuz, bai eta obren hedapena eta tailer artistikoen programazioa segurtatuz ere. Uztailaren 17tik 21era, aste osoan zehar tailer ezberdinak proposatuak izanen dira euskal kulturaren deskubriarazteko helburuarekin: astea hasteko, Plazara kolektiboak eleaniztasunaren inguruko tailer bat proposatuko du euskararen eta euskal kulturaren ezagutarazteko helburuarekin. Ondotik, dantza eta musiken inguruko tailerrak proposatuak izanen dira Iparraldeko Dantzarien Biltzarra eta Bilaka kolektiboarekin.
Bestalde, kultur aste horren osatzeko, SPIP64-ak partaidetzak garatu ditu beste egitura batzuekin. Horrela, Baionako Eszena Nazionalak kontzertu bat proposatuko du Julen Achiary eta Maddi Oihenartekin eta Gaia elkarteak herri kirolen inguruko bi saio animatuko ditu.
Egitaraua:
- Uztailaren 17ko goizean: Julen Achiary eta Maddi Oihenart-en kontzertua + solasaldia (Eszena nazionalak antolatua)
- Uztailaren 18ko goizean: Plazara - "Hizkuntza & kultura" tailerra. Arratsaldean: Bilaka - Musika tailerra
- Uztailaren 19ko goizean: IDB - Dantza tailerra
- Uztailaren 20ko goizean: Bilaka + IDB - dantza + musika tailerra. Arratsaldean: Gaia - Herri kirolak
- Uztailaren 21ean: Gaia - Herri Kirolak
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)