Euskal kultur erakundean kontsultagarri den ikus-entzunezko eta soinu memoria
Euskal kultur erakundearen egoitzan, Uztaritzen, entzun eta ikus daitezkeen euskal memoriari buruzko artxibo funtsak zerrendatzen ditu joan den abenduan Baionako euskal museoaren aldizkarian argitaratu den artikuluak. Hitzordua hartuz gero publikoari irekia den kontsultagune horren aipatzeko parada ematen digu.
Nola erraztu genezake, mende batez baino gehiagoz gure memoria kolektiboaren transmisioan parte hartu duten ikus-entzunezko eta soinu artxiboetarako sarbidea?
Hori da hain zuzen Euskal kultur erakundeak, Eleketa etnografia bilketa lanaren emaitzak ahal bezain ongi hedatu nahian, azken urte hauetan izan duen kezka.
Funts jabeekin eskura ezartze-hitzarmen ugari eginez, eta bitartekaritzarako kontsulta birtual eta fisikorako gunea eskainiz, EKE-k ekarpen baliosa egiten du orotariko dokumentu horien balioan ezartzeko.
Euskal kultur erakundea bitartekari bezala kokatzen da, euskal kultura eta ondareari buruzko dokumentuen ezagutza, balioan ezartze eta ustiapen pedagogiko eta artistikoa errazteko.
Baionako Euskal Museoaren aldizkariaren 200. zenbaki bereziak (Euskal Museoaren Adiskideen Elkarteak plazaratua) Ipar Euskal Herriari buruzko jakintza-lekuak agerian eman nahi izan ditu.
"Gure ikus-entzunezko eta soinu memoriaren berreskuratzea" izenburupean, artikulu batek laburbiltzen ditu EKE-ren egoitzan kontsulta daitezkeen funtsak (Eleketa ikus-entzunezko funtsa, "Euskal Herria orai eta gero" 1971-1986 telebista emankizunak, France Bleu Pays Basque irratiaren euskal artxiboa 1969-1990, Prusiako Batzorde Fonografikoaren euskal artxiboa…).
Azpimarratu behar da, haatik, EKE-k ez duela dokumentazio eta artxibo gune izateko xederik. EKE bitartekari bezala kokatzen da, euskal kultura eta ondareari buruzko dokumentuen ezagutza, balioan ezartze eta ustiapen pedagogiko eta artistikoa errazteko.
Horretarako ireki zen 2016an mintzoak.eus plataforma elebiduna. Hasiera batean, tresna horren helburua Eleketa bilketaren egoeraren berri ematea baldin bazen, aski laster beste artxibo funts batzuen indexazioa egiteko erabiltzen hasi zen.
Uztaritzeko Lota jauregian 2018an estreinatu zen kontsultagunea mintzoak.eus atariaren ordain fisikoa dugu.
Publikoari irekia da (ikerlari, ikasle, artista, kultur eragile, kultur zale, eta abar) hitzordua hartuz.
Kontsulta bakoitzean, EKEko langile batek, bere ardurapean, lagunduko du erabiltzailea nahi duen bilaketa egiten.
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)