Euskal kultur erakundea Transmisio arduradun bat bilatzen ari da
Gure Transmisio eta komunikazio poloaren baitan, arloko eragileekin lankidetzan, euskal kulturaren transmisio estrategia bat plantan emanen eta koordinatuko duen arduradun bat xerkatzen dugu, denbora osoz. Lan-kontratua mugatua da baina mugagabea bilaka daiteke. Hautagaitzak helarazteko azken epea: 2024ko irailaren 1a.
Postuaren deskribapena
Bere 2023-2026ko bide-orriaren baitan, Euskal kultur erakundeak euskal kulturaren transmisio estrategia bat obratzeko xedea badu, bi helburu nagusirekin: ipar Euskal Herriko ahal bezain bat jendek euskal kultura berena egin dezaten eta euskara ikasten dutenek kontestu bat eta zentzu bat eman diezaizkioten ikasten duten hizkuntzari.
Eginkizun nagusiak: Proiektu eramaile, Pedagogia arduradun, Estrategia garatzaile
Estrategia honen obratzeko, maila desberdinetako ekintzak eramanen dituen Transmisio arduradun bat xerkatzen da.
Lehenik, Euskal kulturaren deskubritzeko eta bizitzeko ibilbide pedagogikoak sortu beharko ditu, eta horiei loturik eduki numeriko eta interaktibo erakargarriak asmatu.
Lan honen eramateko, elkarlan dinamika bat bultzatu beharko du partaide desberdinekin:
- artista edo transmisio eragileekin, ibilbideak pentsatzeko, hezkuntza arloko eragileekin batera.
- hizkuntza politikako eragileekin, euskara ikaste prozesuetan ibilbideak integratzeko.
- mugaz gaindiko partaideekin, proiektuari Euskal Herri mailako dimentsio bat emateko.
Ondotik, ibilbide horiek hedatu eta kudeatu beharko ditu, ebaluaketa segurtatuz, publiko berriak bilatuz eta haientzat proposamena egokituz.
Azkenik, erakundeekilako harremanak landu beharko ditu, haien zuzenbide komuneko dispositiboekin bat egiteko.
Eskatutako gaitasunak
- Proiektu horren eramateko, antolatua, kudeatzaile eta koordinatzaile izan beharko du
- Entzuteko eta analisatzeko gaitasunak beharko ditu
- Bilduma sintetikoen egiteko gai izan beharko da
- Pedagogoa izan beharko du publiko desberdinen arteko elkar ulertzea eta konfiantziazko harremanak sortzeko
Eskatutako jakintzak
- Euskaraz eta frantsesez ongi idaztea
- Ahozko eta idatzitako komunikazioan errextasunak ukaitea
- Esperientzia ukaitea didaktikan
- Tresna numerikoekin trebe izatea
- Ipar Euskal Herriko Hezkuntza sistema arautuaren eta ez-arautuaren ezagutza ona izatea
- Baliozko B gida-baimena ukaitea
Kontratua
- Lan-kontratu mugatua, mugagabea bilaka daitekeena
- Lan-tokia: Lota jauregia - Uztaritze. Bulegotik mugitzea eskatuko da elkartearen beharren arabera
- Ordutegia: denbora osoko lanaldia, astean 35 oren
CV-a eta motibazio gutuna bi hizkuntzatan (euskaraz eta frantsesez) emailez igorri behar dira, 2024ko irailaren 1eko berantenik, helbide honetara: elix@eke.eus
Gehiago jakin
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)