Euskal kultur erakundeak bere Etnopolo saileko arduraduna xerkatzen du

2024/09/15

2017. urteaz geroz, Euskal kultur erakundeak Etnopolo labela badauka ondare immaterialaren arloan daraman bilketa, transmisio eta sorkuntza lanaren bultzatzeko. Sail hau koordinatuko duen arduradun bat xerkatzen dugu, denbora osoz aritzeko. Lan-kontratu mugatua da, baina mugagabea bilaka daiteke. Hautagaitzak helarazteko azken epea: 2024ko urriaren 31.

Euskal kultur erakundeak bere Etnopolo saileko arduraduna xerkatzen du
Etnopolo arduradunak Eleketa programa koordinatu beharko du, ikerketa egitasmoarekin koherentzian egon dadin. Argazkian bilketaren une bat Zuberoan (Argazkia: Mathias Olaso EKE - CC-BY-SA-NC)

Postuaren deskribapena

2017an, Euskal kultur erakundeak Etnopolo labela ukan du ondare immateriala arloan egiten duen bilketa, transmisio eta sorkuntza lanaren bultzatzeko.
Ondorioz, Kultura ministeritza eta Bordeaux Montaigne unibertsitatearekin hitzarmen bat izenpetu du eta egitasmo zientifiko-kulturala idatzi (azkena 2023-2026 epealdikoa izanik) .

Egitasmo honen obratzeko, Etnopolo arduradun bat xerkatzen du Euskal kultur erakundeak.

Lau ikerketa ardatz hauei ematen zaie lehentasuna :

  • Ahozko memoriaren biltzea eta lantzea (Eleketa programa)
  • Ondarea eta sorkuntza gurutzatzea
  • Hizkuntza eta jendartearen elkarreragina aztertzea
  • Kultura eskubideak ikertzea

Etnopolo arduradunak Eleketa programa koordinatu beharko du, ikerketa egitasmoarekin koherentzian egon dadin.
Beharko ditu ere lau ikerketa ardatzen inguruko ikerketa programak eta ekitaldi zientifikoak (mintzaldi eta kolokio) bultzatu, antolatu eta kudeatu, harremanetan egonez etnopoloen sarearekin eta sare honi lotu administrazioarekin.
Azkenik, ahal duen neurrian, ondare sailan dituen gaitasunak eta ezagutzak lurraldeko erakunde, herriko etxe, elkarte eta publiko zabalaren zerbitzuko ezarri beharko ditu.

Eskatutako ikasketa maila

  • Baxoa + 5 urte

Eskatutako kalitateak

  • Antolatua, kudeatzailea eta koordinatzailea izan
  • Entzuteko, analizatzeko eta sintetisatzeko gaitasunak ukan
  • Jakitate zientifikoa jendarteratzen jakin
  • Ahozko memoriarekiko interesa ukan

Eskatutako gaitasun teknikoak

  • Euskaraz eta frantsesez ongi idaztea
  • Ahozko komunikazioan errextasunak ukaitea bai euskaraz bai frantsesez
  • Proiektu eta talde kudeaketan esperientzia ukaitea
  • Antropologian ezagutza ona ukaitea
  • Tresna numerikoetan trebe izaitea
  • Baliozko B gida-baimena ukaitea

Kontratua

  • Lan-kontratu mugatua (urte batekoa), mugagabea bilaka daitekeena
  • Lan-tokia: Lota Jauregia - Uztaritze. Bulegotik mugitzea eskatuko da elkartearen beharren arabera
  • Ordutegia: denbora osoko lanaldia, astean 35 oren

Gehiago jakin

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)