Etxepare Institutuko "Euskal kultura" liburu saileko "Euskal dantza" frantsesez ere eskuragarri

2013/02/25

Euskal kultur erakundearekin partaidetzan, Etxepare Institutuak Oier Araolazak idatzitako "Euskal dantza" dibulgazio liburua argitaratu du bertsio numeriko hirueledun batean, euskaraz, frantsesez eta inglesez.

Etxepare Institutuko "Euskal kultura" liburu saileko "Euskal dantza" frantsesez ere eskuragarri
Argazkia: Asier Uriagereka dantzaria

Lehen aldia da Etxepare Institutuak sortutako "Euskal kultura" saileko liburu bat frantsesera itzulia dela. Orain arte euskara-gaztelera-inglesa bertsio hirueledunean argitaratu dira bakarrik.

"Euskal kultura" sailaren helburua euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzea da. Euskal kulturaz jakin nahi dutenen gana errexki heltzeko gisan pentsatua. Hamabi liburuz osatua da (hizkuntza, musika, dantza, literatura, zinema, bertsularitza...).

Oier Araolazak idatzitako "Euskal dantza" liburuan Euskal Herrian dantzak ukan duen historia laburbiltzen da. Halere gaur egungo dantzaren adierazpen bizienen aipamenetan luzatzen da gehien bat egilea, sasoinez sasoin, zazpi probintzia historikoetan arte herrikoi honek daukan dinamika eta jarraipena agerian utziz.

Kattalin Totorikak itzuli du jatorrizko testua euskaratik frantsesera.

"Euskal dantza - Danse basque - Basque dance" edizio berezia dohainik deskarga daiteke PDF formatuan, Etxepare Institutuaren webgunean baita Euskal kultur erakundearen atarian ere.

Ondoko hilabeteetan "Euskal kultura" saileko beste liburu batzu eskuragarri izanen dira euskara-frantsesa-inglesa bertsio hirueledunean, betiere Euskal kultur erakundeak eta Etxepare Institutuak abiatu partaidetzaren karietara. Jon Eskisabel autorearen "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" liburuaren frantsesezko itzulpena bidean da adibidez.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)