EKE-k "Ohorezko Saria" eskuratu du "Musika Bulegoa Sariak 2021" ekitaldian
2021eko "Musika Bulegoa Sariak" Atabal kontzertu gelan banatuak izan dira, joan den maiatzaren 19an. Euskal Herriko talde ospetsuak saristatzeaz gain, "Ohorrezko Sari" bat emana izan zaio Euskal kultur erakundeari, ipar Euskal Herrian euskal musikaren alde urteetan eraman duen lanarentzat.
Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, euskal musika sareko egitura profesionalak biltzen ditu eta bere helburua, Euskal Herrian, musika jarduera sustatzea eta hobetzea da. Urte guziz, deialdi baten ondotik (107 proposamen 2021ean), hamar artista, talde edo musika proiektu sariztatzen ditu.
Ander Tellería, Arineketan, Belako, Brais Novoa Loira, Izaro, Korrontzi, Noa & The Hell Drinkers, Petti, eta Sara Zozaya sariztatuak izan dira aurten. Bosgarren edizio horrek, zapore berezia ukan du, Atabal kontzertu aretoan ospatu baita maiatzaren 19an, hots ipar Euskal Herriko deskonfinamenduaren lehen egunean. Hor ziren gomitek, talde horietarik zenbait zuzenean jotzen preziatu ahal izan dituzte.
"Ohorezko Saria" aldiz, Euskal kultur erakundeak eskuratu du. Musika Bulegoak erakundeak euskal musikaren eta kantuaren alde urtez-urte eraman duen ekintza argitan eman nahi izan du, bai eta Hegoaldearen eta Iparraldearen artean egiten duen lotura ere.
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)