"Dantza Izpiak" erakusketa Hendaian
2018ko uztailaren 11tik abuztuaren 4a arte, Gabrielle Duplantier-en "Dantza Izpiak / Eclat de danses" erakusketa Hendaiako Mendi Zolan aretoan izanen da ikusgai. Bisitariak, artista honen talentua eta sentsibilitatea agerian utziko duten zuri-beltzezko hogeitamar bat argazki deskubritzen ahalko ditu. Erakusketa Hendaiako Herriko Etxeak eta Euskal kultur erakundeak antolatzen dute elkarrekin.
Soka, euskal dantzaren urratsetan (soka.eus) multimedia erakusketaren karietara, Euskal kultur erakundeak Gabrielle Duplantier argazkilariari dantzari buruz argazki batzu egiteko parada eskaini dio.
2014ko urriaren eta 2015eko udaren artean beraz, Euskal Herria zeharkatu zuen euskal dantzaren eta bereziki ihauteriak, maskaradak eta Besta Berri bezalako ekitaldien inguruko argazki ezberdinen hartzeko.
Gabrielle Duplantier - Biografia
Gabrielle Duplantier 1978an sortu zen. Margolaritza eta artearen historia ikasi ditu Bordeleko Arte Plastikoen fakultatean.
Garai hartan, argazkigintza beste afizio bat baino ez zen beretzat. Diploma ukan eta, erabaki zuen argazkilaritza bakarrik lantzea eta Parisera joan zen argazkilari laguntzaile edo filmalekuetako argazkilari bezala aritzeko.
2002an, Euskal Herrira itzuli zen. Herri aberats eta enigmatiko honek inspiraturik, argazki sail bat abiatu zuen, paisaiak, pertsonaiak edo animaliak, ezagunak izan ala ez, ikuspegi inpresionista batetik hartuz. Maiz ustegabekoak diren argazkiak, ganbara ilunetako esperimentazioak, denbora behar izan du bere estilo pertsonala aurkitzeko : unibertso intimista bat, bereziki emazte argazkiz osatua, margolariek inspiratua eta eszena bereziak egunerokotasunetik aterazi nahi dituena, zuria eta beltzaren tratamendu ilun batekin.
Prentsarekin, argitaletxeekin edo musikariekin egin elkarlanaz aparte, Gabrielle-k emazte erretratuak lantzen segitzen du, hau bere gai gogoenetarik bat izanik. Halaber, Portugal-i buruzko argazkiak lantzen ditu, sustrai portugaldarrak izanik, hara maiz bidaiatzen baitu. Nahitara, Gabrielle-ren argazki unibertsoa ez da garai edo gizarte errealitate jakin bati lotua.
2009an, "Cairn" argitaletxeak lehen argazki liburu bat manatu zion, Euskal Herriko kaperak izenekoa. Liburu horretan, kolorez, Euskal Herri mistiko eta isil bat ikertu zuen.
Argitaletxe berak manaturik, Marie Darrieussecq-ekin lan egin du 2012ko ekainean atera La mer console de toutes les laideurs argazki eta testu liburuarentzat. 2011n, Factory 64 gunearen artista egonaldi baten karietara, sail berri bat abiatu zuen Baionako ZUP auzoko haurren inguruan. Lan horren ondotik, Les enfants d’ici liburua argitaratu zuen 2012an. Beti 2012an, Gabrielle Duplantier-en lana "Gomma books"-ek argitaratu Mono liburuan agertu zen. Monografia honek zuri-beltza lantzen duten nazioarteko argazkilari hoberenak biltzen ditu, hala nola Anders Petersen, Mikael Ackerman, Trent Parke edo Roger Ballen.
2014ko irailan, Volta izeneko liburua atera zuen "Lamaindonne" argitaletxearekin.
Xehetasunak
- Sartzea urririk
- Ordutegia: Asteazkenetik larunbatera : 10:00 -13:00 / 15:00 -19:00 - Hetsia besta egunetan
- Euskal kultur erakundea (Maia Etchandy): maia.etchandy@eke.eus / 05.59.93.25.25
- Gabrielle Duplantier
- Mendi Zolan, kultura eta arte gunea
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)