Eusko Ikaskuntza saria "Maitia nun zira ?" dokumentalarentzat
Elena Canas eta Ainara Menoyo-ren Maitia nun zira ? dokumentalak 2016ko Eusko Ikaskuntza-Baionako Herriko etxearen bideo-dokumental saria jaso du. Lehen Mundu gerla garaiko Alemaniako esparruetako euskal presoen grabaketetan oinarritu dokumental hau, Euskal kultur erakundearen eta Mondragon Unibertsitatearen arteko partaidetzaren ondorioz gauzatu da. Sari emate ekitaldia abenduaren 16an iragan da Baionako Herriko Etxean.
Eusko Ikaskuntza eta Baionako Herriko Etxea 2000.ean hasi ziren Euskal Kultura balioan jartzen zuten eragileen lanak saritzen. Xede horrekin, deialdiak abian jarri zituzten, ikus-entzunezko sorkuntza bultzatzeko helburuz eta horrela, bideo-dokumental sari honek 1.250 euroko ordainsaria banatzen du. Lehiaketan parte hartzeko, sorkuntzek Euskal Herriko biziaren eta euskal kulturaren alderdiak era orokor batean islatu behar dituzte. Halaber, Baionako Herriari buruz izan daitezke.
Aretxabaletako Ikus-entzun komunikazioko Elena Canas eta Ainara Menoyo ikasleak Lehen Mundu gerla garaiko Alemaniako esparruetako euskal presoen grabaketetan oinarritu dira Maitia nun zira ? dokumentala egiteko.
Dokumental hori Euskal Herriko zazpi probintzietako kultur eragile askoren parte hartzeari esker egina izan da : Odei Barroso, Xabi Etcheverry, Bea Salaberri eta Katixa Dolhare, Edurne Garmendia, Iñaki Perurena, Eneko Sagardoy, Aritz Labrador, Reyes Prados, Eneko Bidegain, Karmele Jaio, Daniel Landart, Aitor Arregi, Javier Martinez. Halaber, Maider Bedaxagar, Maite Deliart, Mikel Urdangarin eta Kepa Junkeraren elkarrizketekin osatua izan da.
Ohorezko Saria aldiz, zuzenbidearen historia katedradun emeritoa den eta Lapurdiko eremuari buruzko lanak eskaini dituen Maite Lafourcade-ri eman zaio.
Aurten bestalde, sari berezi bat eskainia izan da, Ibai Aguirrebarrena, David Rodriguez, Mikel Petuya eta Eneko Etxegarayk Jauzia proiektuaren barne den Bisaiak jauziaren aurpegiak dokumentalarentzat.
Euskal Kultura Sariak, Bertrand Augéren Historia modernoko tesia sariztatu du, non Baxenabarren izan ziren zuzenbideari lotutako problematika berdintsuei erantzuten dien.
Gehiago jakin :
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)