"Asier ETA Biok" filmaren hedapena : euskal zinemaren banaketa abian

2014/05/13

Hego Euskal Herrian arrakasta ederra bildu duen Aitor eta Amaia Merino-ren Asier ETA Biok filma Iparraldeko hainbat zinegeletan ikusgai izanen da apirilean eta maiatzean. Programazio hori gauzatuko da, Atalante zinegela eta Euskal kultur erakundea elkartu direlako eskubideak erdiesteko eta filma baten banaketaren esperimentazioa gauzatzeko Ipar Euskal Herri mailan.

"Asier ETA Biok" filmaren hedapena : euskal zinemaren banaketa abian
Argazkia: Asier ETA Biok

Azken urteetan, eskaera handia izanik ere, Ipar Euskal Herrian euskal zinearen hedapena emanaldi bakarren edo sakabanatuen bidez egin da. Hutsune horrek ez ditu ez egileak, ez banatzaileak, ez eta Euskal Herriko zinezaleak asetzen.

Aterabide bat aurkitu nahiz Baionako Atalante zinegela eta Euskal kultur erakundea elkartzen dira, eskubideak erdiesteko eta filma baten banaketaren esperimentazioa gauzatzeko gure lurraldean. Abiapuntua azkeneko Donostiako Zinemaldian saristatua izan den Aitor eta Maia Merino-ren Asier ETA biok filma da, Bidasoaz bestaldean jadanik milaka ikusle bildu dituena. Filma aurtengo Rencontres sur les Docks topaketetan aurkeztua izan da. Gela mukurru betea zen eta jende anitz sartzerik gabe gelditu zen.

Berriz aurkeztua izanen da Donibane Garaziko Le Vauban zinegelan apirilaren 28an (20:30) eta Donibane Lohizuneko Le Sélect aretoan apirilaren 29an (20:30). Egilea bera bi gaualdietan hor izanen da, eta emanalditik lekora, berekin mintzatzeko parada izanen da.

Ondotik filma Ipar Euskal Herriko hainbat zinegelatan programatua izanen da maiatzaren 8tik goiti, Hendaiatik Baionara eta Donibane Lohizunetik Maulera (ikus banaketaren lekuak eta ordutegiak). Obra paregabe baten ezagutzeko parada eskainiko dute emanaldi horiek, ETA-ren gaia gibelapenarekin eta molde intimoan jorratuz. Haratago joanez, asmoa da filma Frantzia mailan banatzea, eta bide batez euskal errealizadoreek beren lurraldeaz duten ikuspegia partikatzea.

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)