Aquitaine.eus: EKE-k mugaz gaineko lankidetzaren alde duen engaiamendua berresten du

2021/04/22

2016az geroztik Aquitaine.eus mugaz gaineko lankidetza programaren karietara eramana izan den lanari segida bat emateko helburuarekin, Euskal kultur erakundeak, Etxepare Institutuak, Principe de Viana Erakundeak eta Akitania Berria - Euskadi - Nafarroa Euroeskualdeak lankidetza hitzarmenaren berritzea izenpetu dute.

Aquitaine.eus: EKE-k mugaz gaineko lankidetzaren alde duen engaiamendua berresten du
Ezkerretik hasita, Johañe Etchebest (EKE-ko zuzendaria), Arola Urdangarin (Euroeskualdea), Imanol Otaegi (Etxepare Institutua), eta Mikel Ozkoidi (Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Erakundea) © Frank Suarez (EKE)

2016ko martxoan, Akitania - Euskadi Euroeskualdearekin batera (Euskadi eta Aquitaine - Limousin - Poitou - Charentes Eskualdea biltzen duen Lurralde Lankidetzarako Europako Taldea), Euskal kultur erakundeak eta Etxepare Institutuak Aquitaine.eus izeneko programa bat abiatu zuten. 2017an, Nafarroako Foru Erkidegoak Euroeskualdea integratu zuen eta Nafarroako Gobernuaren Vianako Printzea Erakundea proiektuko kide berria bilakatu zen.

Bere bosgarren urtea bete duen Aquitaine.eus mugaz gaineko lankidetza programaren helburua da, batetik, euskal lanen eta artisten zirkulazioa sustatzea Akitania Berrian, eta bestetik, Akitaniako, Euskadiko eta Nafarroako aktore eta eragile kulturalen arteko harremanak eta lankidetza bultzatzea.

Lankidetza horri esker, proiektu eta lankidetza anitz sortu dira azken urteotan ikusgarrigintzan, literaturan edo arte bisualen alorretan. Lan hori emendatzeko eta segitzeko asmoarekin, lau partaideek hitzarmenaren berritzea izenpetu zuten martxoaren 26an.

2021ean, hainbat ekitaldi antolatuak izan beharko lirateke Aquitaine.eus programaren baitan. Aipatzekoak dira, adibide gisa, Polo Garat-en "Xiberotik" argazki erakusketa, bai eta Oreka TX eta Josetxo Goia-Aribe-ren kontzertua Cenon Herriko Le Rocher de Palmer aretoan (urrian); euskal zinemari buruzko fokusa Bordeleko Utopia zinema gelan (udazkenean); edo hiru euskal konpainien programazioa Libourne-ko "Fest'Arts" festibalean (agorrilan).

Xehetasunak

Harpidetu doan gure buletinera

Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)