Adur Larrea, 2021eko "EKE-Elkar literatura beka"-ren irabazle handia
Euskal kultur erakundeak eta Elkar fundazioak bultzatu berri duten "EKE-Elkar literatura beka"-ren irabazlea izendatua izan da: literatura sorkuntza lagundu nahi duen beka horren irabazlea Adur Larrea ziburutarra da, Lurbinttoko ohoinak komiki egitasmoarentzat.
Ipar Euskal Herriko euskarazko literatura sorkuntza sostengatzeko asmoz, Euskal kultur erakundeak eta Elkar Fundazioak "EKE-Elkar literatura beka" izeneko beka berria bultzatu dute. 2000. urtean sortu Gazteluma saria ordezkatzen du eta euskaraz idazten duten ipar Euskal Herriko idazle guziei zuzendua da. Gazteluma bezala, hau ere bi urtetarik behin iraganen da ipar Euskal Herriko sorkuntza literarioa sustatzeko asmoarekin, hala nola talendu berriak eta sorkuntzaren aniztasuna nahiz aberastasuna argitan emanez. 6000 euroko beka hori euskaraz sortzen duten Ipar Euskal Herriko autoreei zuzendua da. Diru zama honen bidez, egileei beren sorkuntza prozesua baldintza onetan eramateko aukera eskaini nahi zaie, ondotik argitaratua izanen den lan baten sortzeko gisan. Aurten, literatura generotzat eleberri grafikoa eta komikia hautatuak izan dira (edizio bakoitzean aldatuko da).
Lehen edizio honentzat, kalitate handiko sei proposamen eskuratuak izan dira, hauetarik zonbaitek beka eskuratzea merezi zutelarik. Katixa Dolharé-Çaldumbide-k eta Joseba Larratxe-k osatu epaimahaiarentzat hautu baten egitea konplexua izan da. Haien hautaketa egiteko, irizpide zehatz batzuetan oinarritu dira: aurkeztu lanaren kalitatea, proposamenak euskal literaturaren alorrean ukan lezakeen ekarpena, gaiaren berritasuna, edota euskara maila. Delibero luze baten ondotik, Adur Larrea-ren proposamena atxikia izan da. Ziburutarrak Lurbinttoko ohoinak izeneko komiki historiko baten egitea aurreikusia du, zuri eta beltzez. Gertakariak, 1789ko Frantses Iraultzaren ondotik iragaiten dira eta ohoin banda baten abenturak deskubrituko ditugu. Egileak, 2022ko martxoa arte badu bere lana bururatzeko eta ondotik, Elkar-ek argitaratuko du.
Sinopsia
1795ean, bi urtez iraun zuen Konbentzio Gerla bukatu zelarik, gudu-zelaian, deportazio eremuetan edo exilioan egonak zirenek etxerako bidea hartu zuten. Herrira heltzean, haietarik anitzek, beren etxea edota lurrak okupatuak, kixkaliak edo barreatuak atzeman zituzten. Ezpeleta, Itsasu, Larresoro edo Kanbo inguruetako soldatu ohi zonbait, gerlak emana zien esperientziaz (eta armez) baliaturik, mendeku gosez zeuden deportatu eta exiliatu ohi batzuekin elkartu ziren, eta ohoin banda bat osatu zuten. Bi urtez, Lapurdi ekialde horretan, deportaziora, exiliora edo gerlara igorriak zituztenak jazarri zituzten, haien etxeetan ebatsiz eta egitate bortitzak burutuz. Lurbinttoko eremuan zuten beren gordelekua. Azkenean harrapatuak izan ziren eta Frantziako epaileen aitzinera eramanak.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)