Pier-Pol Berzaitz & Iparraldeko Orkestra: EKE-ren koprodukzio bat
Euskal artisten sustatzeko indarrak batu nahian, Euskal kultur erakundea, Akitania-Hegoaldeko Eszena Nazionala, Iparraldeko Orkestra, eta Elkar disketxea, "Culture-Kultura" emaitza fondoaren partehartzearekin, anbizio handiko proiektu baten koprodukzioan ari dira.
Ganbara musika formatuko Iparraldeko Orkestraren laguntzarekin, Pier-Pol Berzaitz kantari xiberotar ezagunak tradizioa eta sorkuntza uztartzen dituen errepertorio bat eskaintzen digu, moldaketak eta zuzendaritza artistikoa Joël Mérah-renak direlarik.
Orain dela urte batzuk abiatu proiektu hau hain arrakastatsua izan da, non disko bat grabatua izan den 2019ko otsailan, Donostiako Elkar estudioan.
Bi kontzertu proposatuak dira udazken honetan gauzatuko den diskoaren argitaratzearen karietara: 2019ko azaroaren 8an, ostiralez, Donapaleuko Saint-Louis aretoan (Argitze elkartearekin antolatua), eta 2019ko azaroaren 10ean, igandez, Baionako Arteen erdigunean.
Pier-Pol Berzaitz
Pier-Pol Berzaitz, abesti eder bezain hunkigarri askoren egile, euskal kantagintza berriaren baratzetik jalgi den kantari-sortzailerik garrantzitsuenetakoa dugu, eta zalantzarik gabe, Ipar Euskal Herriko kantagintza lirikoaren ordezkaririk disdiratsuena. Berak sortu Baratze bat, kasu, Harizpe Pastoralean estreinatu zenetik (1991), Ipar eta Hego Euskal Herriko bazter guzietara zabaldu eta euskaldunon gogoan betirako geratuko den amodiozko kantu gozoa. Proiektu honetan, bere errepertoriotik hautatutako zenbait altxor aurkezten dizkigu, bereziki, azken urteotan landutako Les Poèmes de Jeunesse eta Egunsentiaren kantak (Les Chants de l'Aube) lanetan oinarriturik.
Les Poémes de Jeunesse delakoan, Pier-Pol Berzaitzek Maulen 1592.ean sortu Arnaud d'Oihénart idazlearen olerkiak musikatu zituen, honen omenezko lan antologiko bat osatuz. Garai hartan euskaraz idazten zuen idazle laiko (ez-eklesiastiko) bakarrenetakoa izateaz gain, euskal nortasunarekiko zuen lotura eta miresmenak liluraturik.
Egunsentiaren kantak delakoan, Xabier Lete, Imanol Larzabal, Beñat Sarasola, Jean-Louis Davant ala Nemesio Etxanizen lanak kantatu zituen.
Ttipi-ttipitatik kantuan, olerkian, antzerkian, Zuberoako tradizioan hala nola pastoraletako mundu aberasgarrian ere buru-belarri sarturik izan da Pier-Pol Berzaitz. Bai Hego zein Ipar Euskal Herriko artista historiko eta enblematiko anitzekin lan egin izan du. Guk taldean 1970. hamarkadan hasi zenetik, beti lehen mailako musikariez inguraturik, bereziki Iparraldeko Orkestrako musikariekin batera, proiektu honen zuzendaritza artistikoaz arduratzen den Joël Mérah-rekin.
Joël Mérah
Joël Mérah, gitar-jole, moldatzaile zein konpositore aparta, heziketa sakona bezain osagarria izan duen musikari bikaina dugu, batetik konposizio klasikotik eta bestetik musika eta kantu herrikoietatik datozkion jakinduriak modu orekatuan nahasten berebiziko abilezia erakutsi duelarik. Eklektizismo horretan hazia eta hezia delarik, bere burua artista-artisautzat definitzea gustatzen zaio.
Bere konposizioak hainbat taldek intepretatuak izan dira: Oiasso Novis, Cairn, Iniji, l’Octuor à vent, l’Orchestre Symphonique du Pays Basque, l’Orchestre Philharmonique de Tokyo… ala Kenyan Opiyo Okach keniatar koreografoaren Gaàra dantza kontenporaneo konpainiarekin, zeinentzat Abila izeneko balletaren sortu zuen, Nairobin hainbat denboraz bizi ondoren. 2003.eko maiatzan, Tokyoko Toru Takemitsu konposizio lehiaketan lehen saria irabazi zuen.
Musikari itinerantea, proiektu garaikide askoren bultzatzaile eta partaide, Stéphane Garin eta Sylvain Chauveau musikariekin batera, Ensemble 0 (zéro) kolektiboan, musika sorkuntza pertsonalak bultzatzen dituen musikari taldean eraginkorra da Joël-en lana. 1999.etik, Baionako Maurice Ravel Kontserbatorioan Hezkuntza Artistikoaren irakaslea da.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)