Mintzaldia Alemanian preso egon diren lehen Mundu gerlako 10 euskaldunen grabaketen inguruan
Azaroaren 28an, asteazken arratsaldeko 18:30etan, Maite Deliart-ek mintzaldi bat eskainiko du Uztaritzeko Lapurdi gelan. Euskal kultur erakundeko Ahozko ondarearen balorizazio arduraduna Lehen Mundu gerlan Alemanian preso ziren 10 euskal presoen grabaketen inguruan mintzatuko da. Halaber, Mondragon Unibertsitateko 2 ikaslek egin Maitia nun zira ? dokumentala ikusten ahalko da. Ekitaldia UztaHitzan festibalaren barnean antolatua da.
Euskal kultur erakundeko Maite Deliart-en multimedia hitzaldia
Lehen Mundu gerlan, Alemanian preso zeuden 10 euskaldun grabatuak izan ziren : Antoine eta Jean-Baptiste Suhas anaiak (Arrangoitze), Laurent Issuribehere (Larresoro), Pierre Labadie (Hazparne), Jean-Baptiste Mendiburu (Donibane Lohizune), Jean-Noël Irigoyen (Ainhiza-Monjolose), Pierre Mendiburu (Armendaritze), Joseph Jaureguiber (Larraine), Pierre Ascarateil (Altzai) eta Saint-Jean Bidegaray (Garindaine).
Orotara 3 ordu eta 21 minutu grabaketa, kantu zati eta testuz osatuak, Prusiako Komisio fonografikoko aleman ikerlariek hizkuntza eta musika ikertzeko asmoz bilduak. 100 urte berantago, Prusiako Komisio fonografikoaren artxibo-funtsaren jabe diren Berlingo 2 erakundeek euskal grabaketen kopia numerikoak eman dizkiote Euskal kultur erakundeari.
EKEk eskaturik, Mondragon Unibertsitateko 2 ikaslek Maitia nun zira ? dokumentala sortu zuten (Eusko Ikaskuntza-Baionako Herriko Etxearen Bideo Dokumentala Saria 2016an), Uztaritzen zabalduko dena. Azkenik altxor honen balorapen numerikoa Mintzoak-en, Ipar Euskal Herriko ahozko memoriaren atarian, aurkeztua izanen da.
Xehetasunak
- Uztaritzeko Herriko Etxeak antolaturik, Uzta Hitzan astearen baitan
- Euskal kultur erakundea partaide
- Kontaktuak: 05 59 93 00 44 (Herriko Etxea) / 05 59 93 38 70 (Maite Deliart - EKE)
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)