"Oroitzen naizeino" ikusgarria Senperen
2017ko azaroaren 24an, 18:30etan, Maddi Zubeldiak eta Bernadette Luro Iratzokik "Oroitzen naizeino" ikusgarri berria aurkeztuko dute Senpereko Larraldean. Zahartzea eta Alzheimer-eko eritasuna gaitzat hartuta, euskarazko irakurketa eta taularatze saio bat eskainiko digute, Agurtzane Anduetzaren bideo baten laguntzaz. Euskal kultur erakundea partaide da.
Ikusgarri hau 2017an Maddi Zubeldiak Compagnie des Syrtes konpainiaren egoitzan egin idazketa egonaldiaren ondorio bat da. Lehen emanaldia 2017ko urriaren 20an iragan zen Ziburuko Ezpeletenian.
Zer da zahartzaroan memoriak ihes egiten duelarik gelditzen dena ? Non dago pertsona egoera fragmentatu horretan ?
Itxura eta gaztetasunkeria nagusi den garai honetan, hitza eman nahi izan diot zaharrari, zahar eta eri dagoenari, akats bikoiztunari hots, gure beldurrik handienari agian.
Zaharra ez da izandakoa. Zaharra hor da, oso-osorik, izan denak eta denak bateginik,ikusi nahi duenarentzat opari,beldurra alde batera utzita bide berria eskaintzen duen harremana.
Pertsonaia nagusia zahar etxean dagoen adineko emaztea da. Bere gogoetak, ohar sinpleak egiten ditu, eta oraian kokatua bada ere, oroitzapen batzuk ekartzen ditu gogora. Guti baina. Eritasunak jota memoria galtzen ari baita.
Bigarren pertsonaia memoria da hain zuzen, joan-jinak eginen dituen pertsonaia, laguntzera etorriko zaiona,tarteka lehenik, gero eta toki gehiago hartuz, emaztea hitzik gabe geratzen delarik erreleboa harturik, ordezkatzeraino.
Xehetasunak
- Proiektua Euskal Kultur Erakundearen laguntza eta partaidetzari esker eraman ahal izan da.
- Sartzeak : 5 €
- Erreserbazioak : 00 33 6 33 30 27 85 / maddizub@hotmail.fr
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)