Euskal kultur ekitaldiak Le Rocher de Palmer aretoan
Azaro honetan, euskal kulturaren inguruko ekitaldi ezberdinak antolatuak izanen dira Bordele ondoko Cenon herriko Le Rocher de Palmer aretoan. Alde batetik, hilabete guzian, Titika Rekalt-en "Zeihar soak" argazki erakusketa ikusgai izanen da eta bestetik, hilaren 9an "Zuhainpeko soinuak" ikusgarria preziatzeko parada izanen da. Ekitaldiak Euskal kultur erakundearen eta Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzarekin antolatuak dira, 2014an Le Rocher de Palmer-ekin izenpetua izan zen hitzarmenaren karietara.
2014ko urriaren 31n, Etxepare Euskal Institutuak, Euskal Kultur Erakundeak eta Le Rocher de Palmer aretoak hitzarmen bat izenpetu zuten Bordele ondoko Cenon herriko Le Rocher de Palmer aretoan. Honi esker, euskal kantari eta musikari ezberdinek areto ospetsuan jotzeko aukera ukanen dute denboraldi honetan ere.
Titika Rekalt pastoralgile eta argazkilari xiberotarraren Zeihar Soak argazki erakusketa azaroaren 9an estreinatua izanen da, 18:30etan, gelako ostatuan. Ondotik, azaroaren 29a arte ikusgai izanen da, 14:00etatik 18:00etara "Galeries de Verre" izeneko galerian.
Bestalde, erakusketaren estreinatzearen egun berean, Zuhainpeko Soinuak izeneko ikusgarria ikusteko parada izanen da. Xiberoko musikei buruzko ikuskizun honek ahozko transmisioa du ardatz. Mireia Gabilondok zuzenduta (Tanttaka Teatroa), Xiberoko musiken adierazgarri nagusi den Jean Mixel Bedaxagar euskal herri musikako erreferenteetako batekin ikusi ahal izango da agertokia partekatzen: Juan Mari Beltran. Mixel Etxekopar, Sacha Standen, Mathieu Mendizabal, Pierre Vissler eta Ander Barrenetxearekin batera, doinu berriak sortuko dituzte, beren sustrai tradizionalenak abiapuntu hartuta.
Kontzerturako sartzea dohainik izanen da, baina tokiak erreserba daitezke.
Xehetasunak
- Tfnoa : 05 56 74 80 00
- lerocherdepalmer.fr
- Zuhainpeko soinuak ikusgarria - Erreserbazioak
- Etxepare euskal institutua
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)