Ondarea & Sorkuntza: gogoetaren segida Uztaritzen
Euskal kultur erakundeak gogoetaldi berri batean parte hartzera gomitatzen zaitu. Hitzordua 2015eko ekainaren 27an finkatua da, 9:00etatik 12:30etara, Uztaritzeko Lapurdi gelan. Gaia : "Ondarea eta sorkuntza". Gogoan atxik !
Euskal kultur erakundea kultura ondare immaterialari buruzko gogoeta batean sartua da. Gai honek gure lurraldean duen erranahia eta oihartzuna zilatzeko, Terexa Lekumberriren inguruan bildu den batzordeak ondarea eta sorkuntza garaikidearen arteko lotura hurbilagotik aztertzea erabaki du.
Helburu horrekin, 2014an iragan diren bost sorkuntza artistiko hurbilagotik segitu ditu, lotura hori nola gauzatzen zen ulertu nahian. Lan horren egiteko, batzordeak Denis Laborde etnologoaren laguntza ukan du. Lehenik, azken honek ikusi duenari buruzko bere oharrak partekatuko ditu.
Ondotik, goizaldea lau gogoeta tailerren inguruan antolatuko da:
Sailen instituzionalizatzea
Diruztatze instituzionalak galdetzen dituzten kultura proiektuak erakunde publikoek inposatu ikerketa taula batzuen arabera aztertuak dira: dantza, ikusgarrigintza, kantua, antzerkia, … Kuadro horien barnean, beste sail batzu baliatzen dira proiektuen aztertzeko. Tailer honen xedea da perspektiba honen uzkailtzea: erakunde publikoen sostengua behar duten kultura eragileek ez ote lituzkete berek beren lanaren baloratzeko sailak finkatzen ahal?
Tradizioa eta egia
Gure praktika artistikoek, emanak izan zaizkigun kode batzu segitzen dituzte. Ondotik, kode horiek berrasmatzen ditugu eta berriz ematen. Hautu batzu eginez, gure burua galdezkatuz, topaketa batzu eginez, bakoitzak bere egia eraiki du. Mutxiko bat nola dantzatzen da? Zortziko bat nola ematen da? Kultura eragileek horrelako galderei ekartzen dizkieten erantzunak ez dira aho batekoak eta aitortu behar da "euskal tradizioa"-ren baitan egi bat baino gehiago izan daitezkeela. Errepertorio bateko bertsio guziak transmititu beharko ote genituzke bakoitzak bere hautua egin dezan? Tradizio batek egi bat baino gehiago izatearekin zer iduritzen zaigu? Galera baten arriskua? Ala alderantziz, funtsean jadanik nahasia den euskal kulturaren aberasteko aukera bat?
Nortasuna denboran : euskal kultura globalizazioaren garaian
Emanak izan zaizkigun eta "euskal kultura" aberasten duten egin-molde horiek nola ikusten ditugu geroan? Egin-molde horiek nola ikusten ditugu globalizazioaren zalantzazko munduan? Egunero asmatzen dugun euskal kultura honek aldaketei egokitu eta nazioen multzoarekin bat izateko bideak asmatuko ote ditu ala galduriko irudimen batean gakotuko ote dugu? Nola baloratu segurtamen gehien duten kulturen marka dugun indar integratzaile hau?
Sorkuntza parte-hartzailea / Egile sorkuntza
Frantzia guzian, kultura instituzioek proiektu parte-hartzaileen indarra berriz baloratzen dute eta gizarte lokarriaren sortzeko baliatzen dituzte, lotura horiek eskas diren hiri guneetan. Gaurregun, botere publikoek azkarki sustatzen dituzte proiektu parte-hartzaileak kontutan hartzen dituzten ekimen artistikoak. Hortan, demokrazia baten sortzeko parada ikusten dute, ideal batekin: "deneri parada eskaintzea, ez gehiago gainditzen gaituen historia horren ikusle izateko baina herritar gisa, osoki horren aktore izateko" (Frantziako Fundazioa, Komanditario Berrien Proiektua). Preseski, euskal kultura alorrean proiektu parte-hartzaile anitz badira (pastoralak, maskaradak, kabalkadak, toberak, …), kultura eta sozial munduetako militanteek eramaten dituztenak. Bizkitartean, batzuetan sorkuntza kolektibo horien balorizazio mitikoa ez dator bat emandako kalitate artistikoaren desbalorizatze kritikoarekin. Sorkuntza parte-hartzailea eta egile sorkuntza nola uztartu? Gogoeta horretan, zer toki utzi kultura eragileei, arartekolariei, teknikariei?
Goizaldea tailer bakoitzeko gogoeten bilduma batekin eta egin beharreko lanen aurreikuspenarekin bukatuko da.
Eztabaida aberatsa izan behar litzateke. Zuen presentziaren gain kontatzen dugu.
Eguna oraidanik atxik eta milesker zure presentzia baieztatzea ondoko helbidera idatziz: mailys.iriart@eke.eus
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)