"Herri bihurtu zaidan deserrian" olerki eta kantu emanaldiaren aurkezpena Hendaian
2015eko ekainaren 6an, Herri bihurtu zaidan deserrian olerki eta kantu emanaldiaren aurkezpena eginen da Hendaiako Antoine d'Abbadie aretoan. Hainbat artista arituko dira Jon Garmendia-k idatzi olerkien inguruko ikusgarri honetan. Euskal kultur erakundea partaide da.
Herri bihurtu zaidan deserrian olerki eta kantu emanaldi bat da, poema eta kantu akustikoen bilduma bat. Emanaldiak etxea atzean utzi eta toki ezezagun batean bizitzen jarraitzen duenaren istorioa kontatzen da.
Izan ere, bidaia baten kontakizuna da, erbesteratuaren min intimoenak, hausturak, zalantzak, hutsuneak eta pozak islatzeko saiakera bat.
Askoren historia izan daiteke, baina kasu honetan Jon Garmendiak idatzitako poemak dira egiazko bidaiaren kontakizun gisa. Idazle eta kazetari ezaguna 10 urtetan idatzitako poemak dira.
Taldea, bestalde, Xabi Solano musikariaren gidaritzapean ari da.
Partaideak : Jon Garmendia (olerkien irakurketa), Xabi Solano (musika), Keu Agirretxea (musika), Ortzi Oihartzabal (biolina), Xabi Azkarate (perkusioak), Eider Eibar (ilustrazioak).
Bestalde, Paxkal Etxepare hazpandarra arituko da soinu teknikan eta Jon Mentxaka bilbotarra argietan.
Ikusgarria arratsaldeko 19:00etan izanen da, Zokoburuko Antoine D’Abbadie aretoan.
Sartzeak 8 eurotan erreserba daitezke, Hernaniko Garin, Donostiako Aurreskun, Baionako Elkar-en, Ziburuko Bittor-en eta Donibane Lohizuneko Battelan. Ikusgarriaren egunean 10 eurotan erosten ahalko dira.
Xehetasunak
Herri bihurtu zaidan deserrian - Ikusgarriaren aurkezpena (pdf)
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)