Etxepare Institutuko "Euskal kultura" liburu saileko "Euskal dantza" frantsesez ere eskuragarri
Euskal kultur erakundearekin partaidetzan, Etxepare Institutuak Oier Araolazak idatzitako "Euskal dantza" dibulgazio liburua argitaratu du bertsio numeriko hirueledun batean, euskaraz, frantsesez eta inglesez.
Lehen aldia da Etxepare Institutuak sortutako "Euskal kultura" saileko liburu bat frantsesera itzulia dela. Orain arte euskara-gaztelera-inglesa bertsio hirueledunean argitaratu dira bakarrik.
"Euskal kultura" sailaren helburua euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzea da. Euskal kulturaz jakin nahi dutenen gana errexki heltzeko gisan pentsatua. Hamabi liburuz osatua da (hizkuntza, musika, dantza, literatura, zinema, bertsularitza...).
Oier Araolazak idatzitako "Euskal dantza" liburuan Euskal Herrian dantzak ukan duen historia laburbiltzen da. Halere gaur egungo dantzaren adierazpen bizienen aipamenetan luzatzen da gehien bat egilea, sasoinez sasoin, zazpi probintzia historikoetan arte herrikoi honek daukan dinamika eta jarraipena agerian utziz.
Kattalin Totorikak itzuli du jatorrizko testua euskaratik frantsesera.
"Euskal dantza - Danse basque - Basque dance" edizio berezia dohainik deskarga daiteke PDF formatuan, Etxepare Institutuaren webgunean baita Euskal kultur erakundearen atarian ere.
Ondoko hilabeteetan "Euskal kultura" saileko beste liburu batzu eskuragarri izanen dira euskara-frantsesa-inglesa bertsio hirueledunean, betiere Euskal kultur erakundeak eta Etxepare Institutuak abiatu partaidetzaren karietara. Jon Eskisabel autorearen "Euskal kantagintza: pop, rock, folk" liburuaren frantsesezko itzulpena bidean da adibidez.
Xehetasunak
- "Euskal dantza - La danse basque - Basque dance" (PDF)
- "Euskal kultura" saila - Etxepare Institutua
- "Euskal dantza" atala, Euskal kultur erakundearen webgunean
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)