Durangoko azoka 2013
Abenduaren 5etik 8ra, Durangoko Azokaren 48. edizioa ospatuko da. 353 berritasun aurkeztuak izanen dira aurten eta 130 ekitalditik gora izanen dira. Iparraldeko argitaletxeek ere haien ekoizpenak aurkeztuko dituzte, Euskal kultur erakundearen laguntzarekin.
1965ean sortu zenetik, Gerediaga elkarte antolatzaileak Euskal Herriko liburugintza eta diskogintzaren ekoizpena ezagutzera ematea du helburu Durangoko azokan. Urtero, euskalgintzan ari diren eta euskalzale guzien topagune bihurtu da. 2013 urtearekin, “Durangoko Liburu eta Diska Azoka” izenez aldatzen da “Durangoko Azoka” bilakatuz.
Aipatu behar da Eskozia dela aurtengo herri gomitatua eta aurtengo Argizaiola saria, William A. Douglass antropologoari emana izanen zaiola.
Orotara 222 erakusle izanen dira, 238 erakusmahai eta 353 berritasun (226 liburu, 36 aldizkari, 5 bideo, 68 diska eta 18 bestelako argitalpenak). Bestalde, 130 ekitaldi baino gehiago eginen dira Azokako guneetan.
Gerediaga elkarteak eta Euskal kultur erakundeak eraman lanari esker, Iparraldeko bost argitaletxe atxemanen dira bertan bildurik : Agorila, ZTK, Gatuzain, Ikas eta Maiatz. Orotara 20 liburu, 2 aldizkari, 18 disko eta 2 DVD berri aurkeztuak izanen dira.
Horrez gain, liburu eta disko batzuen aurkezpen publikoak egin ohi dira Azoka denboran. Iparraldeko idazleak eta artistak ere ez dira faltako Euskal kultur erakundeak "Plateruena" kafe antzokiarekin, "Ahotsenea" sortzaileen gunearekin eta Azokako aurkezpen aretoarekin adostu partaidetzari esker.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)