Fernando Morillok gazteei zuzendu Abbadiaren sekretua eleberria argitaratu du
2011ko udazkenean, Euskal Itsasbazterreko Ingurumen Aldeko Ekimen Zentro Iraunkorra, Euskal kultur erakundea eta Donostiako Euskal idazleen elkartea elkartu ziren Fernando Morillo idazle gaztearen egonaldia antolatzeko Hendaiako Abbadia eremuko Nekatoenean. Urtebete geroago, hemen da lanaren fruitua: gazteei zuzenduriko Abbadiaren sekretua eleberria.
Abentura, historia eta adiskidetasuna biltzen dituen ixtorioa da; Alar eta Kaiet anaiek, Rebeka eta Daniel aiton-amonak eta Nikole lagunak sekulako abentura biziko dute Abbadia Eremuan, eta Abbadia gazteluan. Zer gertatzen da? Izugarrizko oihuak entzuten dira, eta jendea desagertu omen da... Munstroak?
Fernando Morillo-ren lekukotasuna
Abbadiaren sekretua Abbadia eremuan bertan hasi zinen idazten. Zer du Abbadiatik nobelak?
Beti liluratu naute gizaki anizkoitzek: horregatik idatzi nuen duela urte batzuk Leonardo da Vinciren biografia. Gure Leonardorik Leonardoenetarikoa, dudarik gabe, Antton Abbadia da. Halako pertsona baten inguruan idazteak arazo bat sortzen du berehala: zer jarri eta zer ez? Gazteentzako eleberria idatzi nahi nuela kontuan hartuta, ezin nituen Anttonen kontu ugari islatu, eta funtsezkoenari heldu nion: izaerari eta ametsei. Anttonen barne- borrokak eta kemena azpimarratzen ahalegindu naiz. Gazteek neurri txiki-txiki batean behintzat ezagutu dezaten nor izan zen. Abbadiaren etengabeko amets-gosea, etengabeko bilatu nahia. Eta etengabe porrotez porrot ibili arren, beti aurrera jarraitzeko kemena. Hori du liburuak.
Nori zuzendua da? Nolako irakurleei?
Ai, betiko galdera erantzun-zaila. Protagonista nagusiak bi anaia gazte dira. Sekulako abentura biziko dute Abbadia eremuan, Anttonen inguruko bizipenak eta probak bizitzen eta gainditzen. Familiak badu bere lekua, eta adiskidetasunak. Horrela esanda, bereziki gazteentzat dela esan behar da. Baina zenbat aldiz jaso ditudan irakurle helduen mezuak esanez beraiek ere goxatzen dituztela halakoak! Tira, laburrean izaera miresgarri bat, eta abentura eta misterioa aipatuko nituzke, eta batik bat harago joan nahi dutenen barruei zuzendua dela.
Helduentzako Abbadiari buruzko nobela idazteko asmoa ere ba omen duzu.
Zer erremedio! Antton Abbadiaren bizitza erakargarriegia da, zentzu pertsonalean nahiz literarioan. Hainbeste pasadizo, lagun zirraragarri, etsai eta oztopo nobelistiko… Abbadiaren sekretua eleberri laburrean, Anttonen oihartzuna xuxurlatu besterik ezin izan dut egin. Horregatik, hor geratzen da nire gerorako asmo sendoa: Anttonen bizitza bera nobela bihurtzea. Behar diren orriak idatzita, mugarik gabe. Ehun mila inguru kalkulatzen ditut.
Pantxoa Etchegoin, Euskal kultur erakundeko zuzendariaren lekukotasuna
Zer nolako balantzea egiten duzue literatura egonaldiaz?
Lehen esperientzia bat zen guretzat, eta baikorra izan da. Guk ahalbideak ekarri ditugu, idazleak ahal bezain baldintza onetan lan egin zezan. Fernando Morilloren obrak gainera lotura bat badu Antoine d’Abbadie-ren ibilbide ederrarekin, bainan fikzio munduan sartzen gara ere, irudimenean, eta hau gazteentzat bezainbat helduentzat ere bozgarria da. Egonaldi labur batetarik landa, kalitatezko obra baten sortzea, euskaraz gazteentzat, gauza ederra! Egonaldiaz gain, idazlan hau argitaratua izan da, Gaumin argitaletxeari esker, eta hori ere oso garrantzitsua da guretzat, hedapena baitezpadakoa baita euskal literaturaren ezagutzeko eta gozatzeko. Gainera, Fernandok egin nahi du ere egonaldiaren eta han bildu altxor guzien aurkezpen bat Hendaian. Horiek orok irakurlearen onetan dira, idazlearen hurbiletik entzutea eta gero haren liburuaren irakurtzea… Milesker Fernando.
Emaitza ikusita, ekimenarekin jarraitzeko asmotan zarete?
Dudarik gabe. 2012an ere beste idazle bat gomitatua izan da: Ekhiñe Egiguren Donostiarra. Beste idazlan mota bat egin du, poesia hain zuzen. Eta hirugarren edizioa ere alhan ezarriko dugu 2013rako. Azkenik, erran behar da ere Euskal idazleen elkartearekin eta Hendaiako CPIE egiturarekin partaidetzan lan egitea aberasgarria dela egitasmoarentzat, bakoitzak ekartzen baitu bere jakinduria eta esperientzia, egitasmo literarioaren onetan.
Xehetasunak
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)