"Hitz-Enea" erakusketa
Oskar Alegriaren argazki erakusketa.
Nor bizi izan zen Azkaineko Zapata Churienea izeneko etxean? Nondik dator Alduden Erremedio etxe baten aurrealdean dagoen izena? Kolore berekoak direa Urruñako Etche berdea eta Garaziko Etxe Berdea ?
Erantzunik ez duten galdera hauek azaleratu nahi ditu erakusketa honek eta horretarako, bidaia bat egin dugu Biarritzetik Altzürüküra, Senperetik Ortzaitzera, Bero Etchea, Ixilixila, Ttattola, Oren Urdinak, Singalantenea… izena duten etxeak bisitatuz. Bidaia honek, gure artean hain aberatsa den onomastika, etxeen izenak aztertzen dituen zientzian barrena eramango gaitu. Iraganetik, euskal kulturan, etxeek eta etxeen izenek mapa zaharrenak ahoz egiteko balio izan dute, oraindik paperezko kartografia ez zegoenean ere. Lanbideak (Arotzena), izengoitiak (Haserrenea), toponimiak (Arrotz bidea) etxe bati izena jartzeko beti balio izan duten adibideetako batzuk, gaur egun, hobeto edo okerrago, abstraktuagoa den toponimia batekin ordezkatzen ari dira : desioak (Gure Nahia), ametsak (Ametchetan), haizea (Haizatua), izarrak (Goizeko Izarra).
Dena den, gure etxeen izenen garrantziak baitezpadakoa izaten jarraitzen du, izan ere, etxeen izenekin gure herrietako kaleetan bertsoak osatuz ibili gaitezke edo, hitzen bidez, kosta batetik bestera doan bidaia egingo duen olerkia harilkatuz.
Ekoizpena : Euskal kultur erakundea. Getxoko herriarekin partaidetzan garatu ideia batean oinarritua.
Oskar Alegria zonbait hitzez : Oskar Alegria Iruñan sortu da 1973an. Kazetaria ikasbidez, Canal Plus eta CNN+eko informatiboetako berriemaile hasi zen Madrilen lanean. Kultur programetan erredaktorea eta literaturari buruzko saioen koordinatzailea izan da Telemadrid-en (Los Cinco Sentidos) eta Euskal Telebistan (Sautrela). Dokumental gastronomikoaren arloan, ETB-telebistarentzat “Maestros de la cocina Vasca” saila idatzi eta ko-zuzendu du, Arzak, Subijana, Aduriz, Berasategui eta Arbelaitz sukaldariei buruzkoa. 2002tik, El País-eko El Viajero gehigarrian bidaia-erreportaiak idazten ditu, eta “Las ciudades visibles” izeneko proiektu artistikoaren egilea da, Enrique Vila-Matas idazlearen bermearekin. 2009tik Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Gidoigintza Masterrean dokumentalen gidoigintza irakaslea da eta Chillida-Leku Museoan haurrentzako Argazkigintza Abstraktuko Lantegi bat zuzendu du.
Bisita gidatua
Xehetasunak
- Euskal kultur erakundea : 05 59 93 25 25
- Euskal Museoa : 05 59 59 08 98
Kultura agenda eskuratu emailez
Euskal kulturaren agenda (Astero)