Plazera plazara

Plazera plazara

I.

Azkenik, zu irten zara plazara
ongi neurtuko duzu pausoa
aintzina bideratuz zure soa
eta dantzan, zu; ni izango zara.

Ahaztu beldurra eta ikara
jendetzaren trinkotasun lausoa
hasi ba! jo ezazu erasoa
zu, ni eta publikoa bat gara.

Egun, iragana zaigu gailendu
hiritartu da plazako jarduna
tradizio gaurkotuen zimendu

zu, ni eta dantza ikuskizuna
triangelu horrek erakusten du
gure munduen borobiltasuna.

II.

Zurea da orain herriko plaza
ikuslea zuri dago begira
zure txikitasuna, ikusmira
hartu duzu, dantzariaren traza.

Doinuei jarraitzeko zara kapaza
bueltatuz musikaren aberrira
neurri ta doinuak, etsaiak dira
xinpletasuna, ez denez erraza.

Ez al da bada, aukera aparta
zuk entzuterik izango duzuna:
bihotzeko doinuen zalaparta

alboratu burua eta zentzuna
izan zaitez, behingoz, ausarta
jantzi zure kabuz, biluztasuna.

III.

Zirkulua beti da borobila?
pertsonek osatuz gero, ez beti
kolektiboa beti ez da ezti
sortu litekelako iskanbila.

Alabatxo,izan bada abila
egin bidea emeki-emeki
bihotza, besteenera ireki
denbora maisua izan dadila.

Nahi eta ezin guztien balantzan
hoztasunez jaso txalo beroa
zure jarduna ez jarri zalantzan

tori bada, nire erreleboa
jar ezazu bizitza dantzan
orainaldian has dadila geroa.

IV.

Biak doaz, dantza eta musika
zoruan idazten den pentagrama
izanik dantza; badu bere xarma
berezko arriskua eta kinka.

Bertan, noten bideari segika
musika da dantzarientzat ama
sormena bere barruan darama
diktadore aske bat, erdizka.

Kultur aniztasunak, mila erpin
denak aske, eta denek lotura
hor inguruko besteekin

familia handi baten modura
sendi ezberdineko kulturekin
anaitu dezagun gure kultura.

V.

Han, talde lanean, norberekasa
elkarrekin idazten da patua
jakintza oro, elkarbanatua
barru-barruko sentimendu jasa.

Musika eta pauso anabasa
bihurturik, kaos ordenatua
berriz ume izateko hautua
hankekin jokatzearen jolasa.

Seriotasunaren izenean
bizitzaren piperra eta gatza
gailendu dadin zure barrenean

xalotasun heldu baten ardatza
nagusi bilakatzen zarenean,
oraindik ume izatean datza.

VI.

Plazaren erdian dago plazera
dastatu dantzaren sorginkeria
sendatuz erabat bihotz eria
zure egin, oztopoen aukera.

Atzeranzko soaz, egin aurrera
dantzatuz gogor, bota izerdia
osoa izan dadin, ez erdia
etenik gabeko bilakaera.

Badakit, ez itaun orain zergatik
iritsi zaigu zure garaia
etorkizuna zu zara, haatik

gozatu eta alaitu bisaia
bide txit luzea duzu aurretik
gauzatu dezazun barne-bidaia.