Irisarriko toberak
Irisarriko toberak Baxe Nabarreko famatuenetarikoak izan dira, Jean-Michel Guilcher ikerlariaren bi irisartar informatzaileen arabera. Denbora guti barne, tobera frango antolatu ziren: 1883an, 1914an, 1921ean, 1928an eta 1937an. 2012 arte ez dira aldiz berriz eman.
Herriko plazan
Antzezlan hauek besterik ezean eginak ziren. Arau morala haustea akusatuak zirenak, bereziki ezkontza kontuetan, dirua edo arnoa eskaini behar zien gazteei gauazko toberak (tutak eta berdura) ixilarazteko. Errefusatzen bazuten "zorra" gazteei pagatzea, toberak antolatzen ziren herriko plazan.
Toberak Irisarrin (1928an eta 1937an)
Lekukoa(k): Henri Haran, Aña Duhalde, Beñat Etcheverry
Iturria: Mintzoak.eus
(Otoi onartu estatistika eta marketin-cookieak bideo honen ikusteko).
Prestaketa luze bat
Herritar andana batek partehartzen zuen toberetan (150-200 arte), denak gizonak. Eta lan handia eskatzen zuen. Jantziak josi, zaldiak eta astoak bildu desfilearentzat. Maiz, Besta-Berriko jantziak baliatzen ziren eta beste batzu alokatzen. Zurginak oholtza egiten zuen eta plaza erdian muntatzen. Erretorraren baimena erosten zen diru truk. Ikusgarri-auzia pagatuz zen eta desfilea Zelai auzotik heldu zen plazara.
Bertsolari eta musikari
Bertsolarien lekua nabarmena zen eta garrantzitsua. 1928an, bi bertsolarik parte hartu zuten: Eiheralarreko Larramendy eta Luhosoko Larralde. 1937an, Larramendy berriki zendua baitzen, bere semeak ordaindu zuen eta Larralderekin parte hartu zuen. Bestalde, 1928ko toberetan, azpimarratzekoa da Faustin Bentaberry (1869-1936) musikari ezaguna hor zela.
Aña Idieder-ek (1925-2011) eman argazkiak.