Serafin Barojak Raimundo Sarriegiri, Bagera!
Raimundo, agur t'erdi:
Aurrekoan, Mari kalean topo egin genian hartan esan esan bezala, hik egindako martxari hitzak jarri dizkiat. “Bagera!” bota hidan eta nik “gu ere bai” erantzun. Hori erabili diat. Etxean haurrei eta emazteari irakurri ziotzat hire abestiaren letra. Haiek, ikasi, eta gogoz abestu ditek denek batera. Doinu ederra sortu duk danbor joleen harira! Luzaro iraungo duela antzeman zezakeat.
Ez zekiat inoiz kontatu ziaten Gaztelupeko Kaska eta Arinen istorioa txikitan, poxpolin pinpirinak, guri ama josemaritarrak gauero kontatzen zigula gogora zezakeat. Nik, gizon mardul honek, mehatzetan han-hemen, haur kontu horiek ditiat bihotz suspergarri... eta hitz hauen oinarri, kaskarinak baikaituk.
Gure patroiaren aipamena diat doinuaren hasiera, zeruak eta Jainkoak zaintzen ez bagaitik, ez diagu eta luzarorako. Danbor joleekin zalaparta eta inauteriak... nahiko iluntzen ziguk bizitza ondoren garizumak. Baina benetan, Hirutxuloko alaitasuna hartu diat ardatz, Raimundo. 1813ko sute eta sarraskien oroimena diagu etxe eta kale zein bihotz bazterretan, gure sendien odol-zainetan, eta baita karlista-guda burrunba ere hormetan. Adarra jo baino, nahiago izan diat jaia goraipatu, poza... gure kaskarin izaera, hori baitugu indarra eta sena.
Gure alaitasuna eta jairako grina aldarrikatu behar diagu, hire emazte koskeroak agudo esan zigun bezala. Ezin gintezkek gure saminen iluntasunean bizi ezta zer etorriko itolarrian.
Hiri bidaltzen diat, hik eman behar baitiok onespena. Hik onartu ezkero, ea zer dioten udalekoek. Nik nirea egin diat.
Raimundo! Bizitza alaitu behar diagula, zera!!!
Laster arte, Jaunak lagun,
Hire lagun Serafin Barojak