Temas:

Tipi-tapa

Tipi-tapa

Jaio eta berehalaxe, Santo Domingo aldapan abiatzen da hil edo biziko 848 metroetako lehendabizikoa.  Eta hasierako urratsak ematen dituzu, adar usaineko iskinekin sufritzeko bertan ez dagoen amaren eskutik. Udaletxera heldu orduko, zezenaren igarotze zurrunak piztutako haizekadak lehen muxuaren tximeletak uxatzen ditu. Bizitzak lurrera makurrarazten zaitu, baina berriro tentetu egiten zara; ezerezean amildu daitezela zapi gorrian behera doazen malkoak. Aurrera egiten duzu, Mercaderes bukaeran jiratu beharra dagoelako, emeki, zure atzamarrei sendo heltzen dien haurtxo xarmant hori sehaskatzen duzun modu berdin-berdinean; Estafeta zeharkatzeko ezinbestekoa duzun azken zizpurua izango balitz bezala. Arriskuak zelatan daude, bazter batera alboratu eta hartu arnasa. Ospa egin dezatela. Gorriagoak ikusi dituzu, aise. Telefonica gurutzatu. Denbora ez da alferrik pasatzen, den-dena moteldu egiten da munduak biraka jarraitzen duelarik. Kailejoirako bidea hartzen duzu. Hantxe daude batzartuta, guztiak. Gabon-gaueko afariaren aurrean. Bilobek San Ferminetako istorioren bat edo beste kontatzeko, arren eskatzen dizute. Plaza barrura sartuz, atzera begiratu eta irrifarre egiten duzu, zintzoki harro. Orduan esaten diezu entzierro garbia eta zangotraba gabekoa osatu duzula. Inor zapaldu gabe.

"San Ferminetan korrika egitea", pentsatzen duzu. Bizitza bezalakoxea.

Ivan Poyato del Rio, "Ibaiku"
BARAKALDO, BIZKAIA