Temas:

Ohi bezala

Ohi bezala

Batzuen ustez, tradizioa ez da aldatu behar, eutsi egin behar zaio bere horretan. Ez dute onartu nahi izaten, esate baterako, emakumeek alardeetan edo mutil dantzetan parte hartzea. Horrelako berrikuntzek, tradizioaren esanahi sakona hutsaltzen dute, eta biziraupena bera ere, kolokan jarri. Tradizioaren ikuspuntu, esan dezagun, estatikoa dutenak aldaketen beldur izaten dira.

Lagun baten esanetan, alferrikakorik ez dago eta berririk ere ez da behar. Tradizio-adierazpen bakoitzaren baitan, bere txikian, oreka kosmikoa dago, nolabait esatearren.

Lehengo igandean, maiatzaren 5ean, Junkal Iridoi −nire lagun hondarribiarra− Gameren izan zen 2013ko maskaradetako azkeneko saioa ikusten: “Goizeko barrikadak ziren. Gamereko ostatuaren aurrean, xorrotzak, gathuzaina eta entseinaria, besteak beste, lagunartean kantari. Ondoan, kherestuen nagusia, buhame batzuk eta bi atso, ostalariarekin eta beste herritar batzuekin solasean. Haraxeago, kantiniersa, zamalzaina, ertzainak, Osakidetzako bedezia eta zenbait kauter apairurako prest.”

Tradizio gutxiko zenbait pertsonaia −maskaradetan, behinik behin−, beraz. Nondik berrikuntzak?

Hartara, goazen Zihigako plazara, urtebete lehenago, 2012ko maiatzaren 6ko arratsaldean. Gero eta zailago, omen, maskaradei segida ematea. Eta maskaradarik gabeko bigarren urtea izango zela ikusirik, Zuberoako ikastolako ikasle ohiek hartu zuten beren gain emankizuna plazaratzearen ardura.

Kabana predikua egiten ari da; bere lagunak −Eskalapu, Tabalot, Aviu eta Pitxu− aurkeztu ondoren, kauter gehienaren txanda da. Dena mendez mende ezarri bezala, ez-ohikotasun horretan. Herritarrek ikusminez eta barrez segitzen dute jokoa, aldian aldiko birsortzeak dakarren magia airean. Pitxuren heriotzaren unea iritsi, eta, ondorengo berpizte ahaleginetan, erraiak eta barrenak, muinak eta haltsarrak lau haizetara zabaltzen ari direla, hezur batek ikusle baten begia jo du bete-betean.

Gorane Garaik Oloroeko ospitalean gaua eman behar izan badu ere,  haren Santutxuko lagunek gozatu dute zuberotarrekin dantzan eta kantuan; Goranerena ez dela larria ospatu beharra zegoen. Santutxun emankizun bat egitea adostu dute.

Haro plaza hamasei solairutako etxeek biltzen duten zuloa da. Izkinako ataritik irten, eta kotxe batean alde egin dute bi lagunek, ziztu bizian. Inork ez die erreparatu. Bien bitartean, Pitxuri bururatu zaio, jendartean agertzeko, hamaseigarren solairuko Goraneren balkoitik oihuka hastea. Izkinako atarian sartu, eta luze egin zaio Pitxuri gorainoko egonaldia igogailuan.

Hou Pitxu, hou!-ka ari da Kabana, baina Pitxuren arrastorik ez. Joan dira irriak ezpainetatik, eta harridura-aurpegiak nagusitu dira: non ote da Pitxu? galdu al da porlanezko oihanean?

Halako batean, ertzainak agertu dira mozorrotutako lagun bat atxilo eta herrenka daramatela. Anbulantzia bat plazan sartu da, eta Pitxu barrura eraman dute minez eta eskuburdinez lotua.

“Lotzabakue!” −esan du andre batek−, “kontus ibili biher da honekas errumanuekas!”

“Lotzabakue dinosu?” −beste batek− “arpeixe baltzittu eta surre gorritxutie ostuteko, bale, baine aseri bustena jastie be, horrek deko adarra joteko gogue!”

Beti bezala, ikusleak txaloka hasi dira. Jarraian, ia jokalari guztiek kantua eskaini dute. Dantzan eta kantuan bukatu dute, ohi bezala, maskarada.