Temas:

Artekariak kantuan

Artekariak kantuan

Doinua: Partiada tristea Ternuarat

1.

Artekariak kantuan
diruaren ika-mika
«Ehun milari» apustu
mila aldiz errepika
tripa haundi purudunak
zorretan lepo apika
jokoa ez da errenta,
baina, irrikak irrika...
Abel animatzen dabil
neskatxa gazte polita
ETB-ko esatari
biak atzean jarrita
Euskitzeren hitz zehatzak,
Joxanen erretolika
hau dena ikus dezaket
ene begiak hetsita.

2.

Xalaren eskuin bolea,
ezker gantxoa bikaina
Zubieta jotzaileak
bertzeei hartu nahi gaina
Barriolak eman dio
defentsa lanez ordaina
Sebastian Gonzalezek
aurrean dauka dohaina
ezker-eskuin, aurre-atze
zorua hain da labaina
jauzika, lurrera gero
belaunaldean orbaina
frontoiaren mikroklima
berezia dugu baina
kantxan ikuskizuna zen
ia harmailetan aina.

3.

Frontisaren goikaldean
pilota bada kokatzen
«klask» hots bortzitzea eginez
ziztuan da ateratzen
partida estutu denez
artekariak kantatzen,
garaipen edo porrota
ari zaie gerturatzen
azken uneetan oso
errez da burua galtzen
«Aupa Aitor !» bat entzun da
eta txalo hotsak ozen
hain zuzen hogeitabana,
une hartan zihoazen
Aitorrek egindakoa
azken tantoa izan zen.