Pantxoa ETCHEGOIN Euskal kultur erakundeko zuzendariaren elkarrizketa
Erabaki duzu euskal kulturaren atari berria abian ezartzea : zein dira egitasmo honen helburuak ?
Lehenik, azpimarratu nahi dut teknologia berriak tresna ezinbestekoak
direla euskal kultura hobeki eta zabalki hedatzeko. Dudarik gabe, euskararen
erabileraren normalizazioan ere parte hartzen dute.
Atariaren egitasmoa « BatekMila » urte anitzeko programa berriaren baitan kokatzen da, azken honek ondoko helburuak baititu : euskararen eta euskal kulturaren baloratzea, ekitaldi desberdinen bidez, ber-denboran publiko berriak hunkituz Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo ere.
Proiektu berri honi esker, kultur-eragileek berek erregularki gaurkotu
informazio dinamiko batetik abiatuz, norberak datu orokorrak eskuratzeko eta
ezagutzaren adierazpideak jorratzeko aukera izanen du. Gainera, publiko
aditu batek (elkarteek, artistek, irakasleek, administrazioek) arte,
hizkuntza eta ondare egitasmoen garapena lagunduko duen zerbitzu-gune bat
aurkitzen ahalko du.
Zerbitzu-sorta honetara « atari » deitu sartze bakar batetik heltzen ahalko
da.
Zer nolako berritasunak ekartzen ditu atari honek ?
Berritasun nagusia hauxe izanen da : kultur elkarteek eta artistek beren
ekitaldi, egitasmo eta programazioei buruzko informazioak zuzenki igortzen
ahalko dituzte. Horrek erran nahi du tresna kolektibo bat izanen dela,
zerbitzu desberdinak eskainiko dituena, eta kultur eragileen nahiz publiko
zabalaren zerbitzuko izanen dena, munduan zehar. Bestalde, kultur egitasmoen
inguruko partaidetzak eta lankidetzak sustatzeko asmoz, guneak informazioen
trukatzeko aukera emanen die elkarte, artista eta tokiko egiturei.
Gune honetan euskal kulturaren agenda oso bat aurkituko da, eta espero
dugu hurrengo hilabeteetan erreferentzia bihurtuko dela Euskal Herriko
kultura programazio arloan.
Tokiko artisten eta elkarteen aurkezpena daraman datu-base bat linean
ezarriko dugu. Beraz, atari honek extranet-intranet dimentsio bat eskainiko
du artisten eta elkarteen barneko komunikazioa errazteko gisan.
Azkenik, ahaleginduko gara multimedia-edukiak barneratuak izan daitezen,
gunea oraindik biziago bihurtzeko gisan.
Zein dira ezinbesteko baldintzak honelako eduki-gune batek arrakasta ukan dezan ?
Atari-gunea estreinatuz gero, fase berri batean sartuko gara : egunetik egunera biziarazi beharko dugu, tresna honen arrakasta gunearen animazioan eta guhaurek edo kide diren elkarteek segurtatu edukien berriztatzean bermatuko baita.
Azpimarratzekoa da egitasmoa abian ezarri aitzin, Euskal kultur
erakundeak webmaster bat hartua zuela bere lantaldean. Alabainan, Jakes
Larrek « multimedia garatzaile » izateko ikasketak egin ditu Paue-Aturriko
lurraldeetako unibertsitatean, ber-denboran euskal kulturaren atari-gunearen
egitasmoa aurrera eramanez gure egituraren baitan.
Geroari begira, bere funtzioa lau ardatz nagusi hauetan oinarrituko da :
eduki editorialen kudeatzea, eduki bereziren sortze eta argitaratzea
(adibidez, bertsolaritzari eskaini gune berezi bat aurkezten dugu,
Akitaniako Jakintzaren Banku Digitalarekin partaidetzan), erreferentziazko
agenda baten prestatzea eta, azkenik, EKE-ren partaide diren elkarteek,
artistek eta pertsona lagungarriek segurtatuko duten sarearen
animazioa.
Beraz, sentsibilizazio lan bat eginen dugu hurrengo hilabeteetan gure tresna
hobeki ezagutarazteko eta gure partaideak bultzatuko ditugu tresna berri hau
baliatzera beren egitasmoak hedatzeko.
Honelako politika editorial bateratzaile batek eskatzen du antolaketa berezi
bat Euskal kultur erakundearen baitan, kanpotik etorri informazioak
baliozkotuak izan daitezen atarira sartu aitzin.
Zer nolako desafioak EKE eta kultur elkarteentzat ?
EKErentzat, helburua euskal kulturaren irakurgarritasuna hobetzea da, gure iharduerak bai eta gure partaideenak ere - Informazio eta Komunikazio Teknologien bidez ezagutaraziz.
Adibidez, prestatzen ari garen BatekMila erakusketa ibiltariaren alegiazko bisita (bisita birtuala) proposatzeko asmoa dugu gure gunean, 2006. urtean. Horrek erran nahi du erakusketa ikustera etorriko diren bisitariez gain, internauta den publiko zabal bat ere hunkitzen ahalko dugula. Gainera publiko horrek gure lan interraktiboan zuzenki parte hartzeko parada izanen du.
Denbora berean, atariak Euskal Herriko bizi kulturalean parte hartzen duten artisten eta elkarteen kanpo-komunikazioa indartuko du, haien ekintzen promozio kolektiboa segurtatuz ; kultur egitasmoen kalitatea hobetuko du, Euskal kultur erakundeak artista profesional eta amaturrei ekartzen dizkien partaidetzei eta laguntza teknikoari esker.