Xiru Festibalak 20 urte: lurraldeak eta historiak
Festibalaren 20. edizioa apirilaren 3, 4 eta 5ean ospatuko da, Gotainen. Buhameen historia molde berezi batez aipatuko da bideoa eta dantza nahasten dituen "1802" sorkuntzan. Nicole Lougarot ikerlariak tziganoen ekarpena jorratuko du ere hitzaldi batean.
"1802" dantza sorkuntza
Buhameak, Tzigano populuaren ordezkariak, X. mendean Indiatik abiatu ondoan, lau mende berantago agertu ziren Europan. Haietatik anitz leku ezberdinetan finkatu ziren behinbetikotz, hala nola Euskal Herrian.
Han eta hemen errepresio gogorra eta luzea jasan behar izan zuten behin baino gehiagotan. 1802an burutu zen atxiloketa masiboa, tziganoen kontra zuzendu bortizkeri horien adibide azpimarragarrienetarik bat da (475 buhame atxilotuak izan ziren orduan Baionako eta Mauleko arrondizamenduetan).
Nicole Lougarot
Kasualitatez, Nicole Lougarot dantzariak gertakari lazgarri horren berri ukan zuen, 2006an hain zuzen, txaranga edo fanfare bat bilatzen ari zela Xiru festibalarentzat.
"1802" dantza ikusgarriak orduan gertatukoa hari gorritzat hartzen du. Nicole Lougarot berak zuzendu ikusgarria Urdiñarbeko eta Gotaineko dantzariek emanen dute apirilaren 3an, 21:00etan Gotainen. Miriam Aizager eta Peio Cachenaut sortzaileek asmatu bideoa lagun.
"Bohémiens", liburua
"Bohémiens" - Gatuzain Argitaletxea
Nicole Lougarot-ek buhameen inguruan burutu dituen ikerketak plazaratzen ditu frantsesez argitaratu berri duen "Bohémiens" izeneko liburuan (Gatuzain argitaletxean).
Liburu honen aurkezpena eginen du apirilaren 4an, 10:30etan Gotainen.
Europako tziganoen historian oinarrituz populu horrek tokian tokiko kulturei egin dien ekarpena aztertuko du, Euskal Herriko adibidea sakonduz.
Grenoble herritik datorren Yves Santamaria ikerlariak lekukotasun hori osatuko du, iraganaren errepresentazioa nola eraikitzen den agerian utziz. Historia "handiaren" errepidea bazterrean utziz, historia "ttipien" xendratik ibiltzeko gomita...
Nicole Lougarot hizlari (frantsesez) - 2008ko azaroa (Bilduma pribatua)
Xiru 20, norberaren gustura
Aurtengo Xiru festibalan gomenda daitezkeen gertakarien artean, besteak beste; euskal atzerriratuen omenez asmatu "Euskamerika" Nestor Basterretxea zizelkariaren obraren estreina (Jean-Michel Bedaxagar arotz-kantariak landua) edo Italiako eta Zuberoako polifoniak uztartuko dituen "Lürra Kanta" ikuskizuna.
Ahantzi gabe topaketa kulturalen Zuberoako festibala honek eskaintzen dituen beste hainbat une goxo...
Xehetasunak:
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)