Hustu, moztu, bete

Hustu, moztu, bete

Doinua: Bertsuak jartzen naiz hasi

1.

Zoriona, disgustua
patrika bete, hustua
edo epai injustua
irabazteko nahia duenak
ez du sega kamustua
honek, egoa puztua
hark, ametsa zapuztua
horixe da apustua.

2.

Harroputz edo herabe
ez dago hainbeste alde
bi-biak lehian badaude
beti joko dut kolpea izan
naitekeenaren alde
pertsona ororen pare
ez al gira burujabe ?
Lehiakorrak izan gabe.

3.

Errespetua ukendu
kiroltasuna zimendu
balorerik ezin kendu
baina, praktikan betiko lelo
berdina dugu mantendu:
denen gainetik gailendu !
kezka bat zait nabarmendu
galtzeko prest al gauden gu ?

4.

Guztia ez da marmarra
lehia berezi samarra...
edo irudi azkarra
Irati neska gaztea eta
Jokin agure zaharra
hau da helburu bakarra
batera moztu beharra
topikoen belar txarra.

5.

«Progrea» dela dionak
ze irakaspen sakonak !
Segak eman dizkionak
zentzun lipar bat ukan lezake
beraz, apustuen sonak
ez dira, -ahantzi dogmak-
soilik kirolean onak
20 urteko gizonak.

6.

Galtzailearen errukiz,
segan, trontzan, harri laukiz
desafioa dakust hits
apustuaren etorkizunaz
argiki egin nahi dut hitz:
anbizio oso gutiz,
lehiaz hustu eta guztiz
bete dezagun edukiz