Deialdia "Kimu" programa berriaren karietara
Donostia 2016k, Donostia Kulturak eta Euskal kultur erakundeak Kimu izeneko programa martxan ezarri dute. Honen xedea haur eta gazteei arte eszenikoetan trebatzeko parada eskaintzea da. Euskal Herri guziko lau artista hautatuak izanen dira parte-hartzeko. Izena emateko epea irailaren 30a arte luzatuko da. Hautagaiak eta bakoitzaren ibilbideak urriaren 30ean emanen dira jakitera.
Programaren helburua da master-classekin eta jaialdietako egonaldiekin trebakuntza-ibilbide bat diseinatzea, haur eta gazteei bideratutako euskarazko arte eszenikoen sorkuntza aberasteko eta dinamizatzeko. Lau artistek zuzendaritza artistiko baten laguntza eskuratuko dute bakoitzaren soslaiarekin ondoen egokitzen den trebakuntza-ibilbidea prestatzeko.
Programaren zuzendaritza artistikoa erakundeek izendaturiko ordezkariek osatuko dute: Euskal kultur erakundea, Donostia 2016 Fundazioa, Donostia Kultura, Hego Lapurdiko Hirigunea, Baxe-Nafarroako Herri Antzokia, Paraiso Antzokia eta Biarritz Culture. Arte eszenikoek gazteenen formakuntza pertsonalean eta intelektualean duten garrantzia da programa horren gibelean; bai eta gazteenei bideratutako antzerki, dantza, zirku eta txontxongilo eskaintza mugatua ere.
Testuinguru horretan, Hegoaldeko eta Iparraldeko zenbait kultur eragilek Donostia 2016ren inguruan bat egin dute 10 hilabetean zehar gauzatuko den trebakuntza-programa pertsonalizatua abian jartzeko.
Baldintzak eta epeak
Kimuren deialdian izena eman nahi duten artistek baldintza batzuk bete beharko dituzte: euskaraz moldatzeko gai izatea; haurrei eta gazteei zuzenduriko arte eszenikoetan esperientzia izatea, edo, gutxienez, arte eszenikoen munduan esperientzia izatea. Bestalde, programak iraunen dituen 10 hilabeteetan prest egon behar dute ikastaro eta jaialdietara joateko. Trebakuntza, gehienez lau astekoa izango, baina lau aste horiek 10 hilabeteko tartean sakabanatuak izanen dira.
Izena emateko epea irailaren 30a arte egonen da zabalik. Hautagaiak eta bakoitzaren ibilbideak urriaren 30ean emanen dira jakitera.
Programaren edukia
Aukeraturiko artista bakoitzarentzat programak izanen duen edukia zuzendaritza artistikoarekin egin elkarrizketa pertsonalizatuetatik aterako da, eta hiru atal izanen ditu :
- Prestigio handiko Europako espazioetan sei jardunalditako trebakuntza
- Bigarren atalean artistek Europako jaialdietan parte hartu ahal izanen dute eta egungo ekoizpen berritzaileenak ikusteko aukera izanen dute.
- Azkenik, ikerketa prozesu bat edo proiektu bat garatu beharko dute trebakuntzak irauten duen garaian. Programak artista bakoitzaren trebakuntza planaren kostuak estaliko ditu 5.000 euro arte. Diru hori ikastaroetako izen-emateak, garraio gastuak, dietak eta jaialdietako izen-emate gastuak ordaintzeko izanen da. Era berean, egonaldi labur bat ere egin ahal izanen da amaierako ikerketa lana edo proiektua egin ahal izateko.
Xehetasunak
- Kontaktua : hazitegiak@dss2016.eu edo frank.suarez@eke.eus
- Izena emateko orria
- Deialdia
Harpidetu doan gure buletinera
Euskal kultur erakundearen berripapera (Hilabetean behin)